"Bai, armagabetzearen prozesu hori bururaino eramango dugu. Atzotik badakigu gure eskuetan dagoela. Guri doakigu behar diren bermeak sortzea eta armagabetze horrekin gatazka honek sortu dituen ondorio guztiei aterabidea ematea", adierazi du larunbatean Bake Bidea mugimenduko presidente Anaiz Funosasek Baionan egindako manifestazioan.
4.000 lagun bildu ditu "bakearen alde, bakearen artisauak askatu!" lelopean egindako manifestazioak. Hauek dira atxilotuak: Jean Noel Etxeberri Txetx, Mixel Berhokoirigoin, Beatrice Molle-Haran, Mixel Bergouignan eta Stephane Etxegarai Etxe. ETAren armak suntsitzeko prest zeuden hiru kide, prozesua grabatu behar zuen kazetaria eta etxearen jabe zen pertsona.
Astelehen goizean eraman dituzte Parisera eta asteartean igaroko dira epailearen aurretik. Astelehenean Baionan deitu dituzte Euskal Herri osoko sindikatu, eragile sozial eta hautetsiak gaiari jarraipena emateko. Donibane Garazi eta Luhuson elkarretaratzeak egin dituzte, sarean milaka sinadura bildu dituzte atxilotuen askatasuna eskatuz eta eragile ugarik eman dute atxikimendua, tartean Frantziako Greenpeace-ek, José Bové eurodiputatu eta sindikalistak eta Kortsikako presidente Gilles Simeonik.
Atxilotuak ETAren eta gizarte zibilaren arteko armagabetze operazio batean parte hartzen ari ziren atxilotu zituzten unean. Berhokoirigoinek, Tubianak eta Txetx-ek egin zioten proposamena erakunde armatuari eta udazkenean hainbat gutun trukatu ostean, ETAk onartu egin zuen gizarte zibilak armagabetzean parte hartzeko proposamena.
Espainiako eta Frantziako agintariek jakinarazitakoaren arabera, ETAk armak desegiteko propaganda operazioa desegin dute atxiloketa hauekin. Armak froga gisa erabiltzeko aukera oztopatzea leporatzen diete atxilotutakoei eta baita armetatik frogak ezabatzeko saioa egin izana ere.
Michel Tubiana Frantziako Giza Eskubideen Ligako ohorezko lehendakaria ere Luhuson atxilotutakoekin egotekoa zen armen suntsitze operazioan. “Gobernuak abisatuko genituen armen entrega eginen genuela. Prokuradoreari aukera emanen genion hemendik aste batzuetara arma horiek deuseztatuta aurkitzeko”, adierazi du Tubianak Berria-ri emandako elkarrizketan.