argia.eus
INPRIMATU
Luhusokoen eta Frantziako Gobernuaren elkarrizketek ekarri dute armagabetzea
  • Larunbatean gauzatu zen ETAren armagabetze prozesua Luhusoko ekintzaileen eta Frantziako Estatuaren artean itundua izan zen, Berria-k eta Naiz-ek jakinarazi dutenez. Abenduaren 16an Luhuson bakearen artisauek bultzada erabakigarria eman zioten azken bost urteetako prozesuari eta ondorengo bilerei zein Paris eta ETAren arteko elkarrizketei esker, larunbatean bukatutzat eman zen.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko apirilaren 10a
Frantziako polizia eta bakearen artisauak ETAren armategi baten aurrean. (Arg.: bakearen artisauak)

Luhuson gertatutakoa inflexio-puntu bat izan zen geldirik zegoen armagabetze prozesurako. Izan ere, egun horretan Parisko Gobernua jabetu zen Ipar Euskal Herriko gizarteaen konpromezuaz eta, ondorioz, abian jarri zuten komunikazio sare aldeaniztuna.

Hainbat eragilek parte parte hartu zuten: Parisko Gobernuak, bakearen artisauek, euskal erakundeek eta nazioarteko komunitateak, besteak beste. Azkenean, “modu ordenatuan” gauzatu da armagabetzea. ETAren armak Frantziako Estatuaren eskutan daude, gizarte zibilak zaindutako prozesuaren ondorioz.

Larunbat goizean, Baionako herriko etxean, Jean Noel Etxeberri Txetx Luhusoko ekintzaileak armategien lokalizazioaren inguruko datuak eman zizkien nazioarteko eragileei, tartean Harold Good eta Mateo Zuppi behatzaileak eta Ram Manikkalingam egiaztatzailea. Manikkalingamek informazioa helarazi zion Samuel Vuelta-Simon Baionako prokuradoreari. Ondoren, Frantziako Polizia armategien bila hasi zen, eta eguerdirako material guztia eskuratu zuen: 120 arma, hiru tona leherkari eta milaka munizio eta detonagailu. Armak zortzi kokalekutan zeuden eta armategi gehienak zigilatuta zeuden, ETAk azken urteotan egindako lanengatik. Kokaleku bakoitzean 25 bat herritar zeuden eta polizia heldu zenerako egiaztatze lanak eginak zituzten.

Bernard Cazeneuve Frantziako lehen ministroak ontzat eman zuen armagabetze prozesunaren garapena, “justiziaren autoritate pean eta bortizkeriarik gabe” egin zelako. Manuel Vallsek lehen ministro kargua utzi eta Cazeneuvek hartu izana mesedegarria izan da ETAren armagabetze prozesuarentzat; izan ere, lehenak harreman estua zuen Espainiako Gobernuarekin eta oztopoak jartzen zituen armagabetzearen bidean. Cazeneuvek abenduaren 6an hartu zuen kargua eta ordutik hobetuz joan da haren armagabetzearen aurreko jarrera.