argia.eus
INPRIMATU
Abstentzioaren alde
Luhmann eta kontra-zirkularitatea: despotismo berria
  • Inguruan jazo zenaren eta denaren inguruko pertzepzioa galdu da. Inork ez daki nola iritsi garen hona.

Jurgi Arruti 2015eko abenduaren 10a

Niklas Luhmannen (1927-1988) sistema politiko autopoietikoen teoriak ondo irudikatzen du egungo sistema politikoen antzutasun estruktural hori –nahiz eta berak zentzu hori eman nahi ez izan–. Sistema autopoietiko bat hauxe da, xehean: sistema bat zeinaren parte diren elementuak autokontaktuz erreproduzitzen dituen sistemak berak.

Autopoiesiak auto-kontaktuan bakarrik egin ditzake eragiketak; burututako beste eragiketekin sintonian. (…) Hala, sistemak egin dezakeen guztia bere barna jazotzen denak determinatzen du (…) kate baten parte bailitzan, erabaki bakoitza dependientea da, interkonektatuta dago.[1]

Botere politikoak jasandako trantsizio historikoa hartu behar da kontuan aurrena. Bidimentsionala izatetik (estratifikatua) tridimentsionala (funtzionala) izatera igaro baitzen modernitatearekin batera. Sinpleago esanda: sistema politiko absolutistetako aginte-obedientzia eskemak atzean utzi eta zirkularitate dinamiko batera igaro da. Administrazioa (gobernua), Politika (parlamentua)eta Publikoa (hautesleria) ezberdintzen dira orain. Logika honakoa da: Publikoak Politikan eragiten du hauteskundeen bidez; Politikak mugak eta lehentasunak ezartzen dizkio Administrazioren erabakiei; eta, azkenik, Administrazioa bere buruari uztartzen zaio hartutako erabakiekin (output). Hori hala, Publikoak zirkuluari jarraipena ematen ahal dio output horiei orotariko erantzunak emanez (direla manifestazioak eta abar). Inolako erdigunerik gabeko sistema bat sortzen da, bere kabuz auto-orientatzen dena (ikusi Bat ilustrazioa).[2]

Sistema politiko modernoen zirkularitate dinamiko teorikoa. (Ekoizpen propioa).

Sistema politiko modernoen zirkularitate dinamiko horri bi arazo nagusi aurkitzen dizkio, baina, Luhmannek. Aurrenekoak dio: zirkularitate horrek, egiazki, kontra-zirkularra izateari ekiten diola. Hau da: Administrazioa da aurrenik Politikarako proiektuak ekoizten dituena eta parlamentua kontrolatzen duena; expost, Politika da Publikoari zer eta zergatik aukeratu iradokitzen diona; eta Publikoa da, azkenik, Politikaren eta iritzi publikatuaren aurrean limurtzen dena.

Sistema politiko modernoetako kontra-zirkularitatea (Ekoizpen propioa).

Bigarrengo ahulgunea azaltzeko kontuan hartu behar da etengabe berrelikatzen ari den sistema politiko autopoietikoa azpi-sistemez osaturik dagoela, sistema/azpi-sistema horiek errealitatearen konplexutasuna murrizten dutelarik. Errealitatea (ingurua) konplexua da eta konplexutasun hori errazteko kode dikotomikoak erabiltzen dira. Sistema politikoaren kasuan, kodeak botere-politikoaren eta botere-politiko-ezaren inguruan joango dira. Boterea eduki/ez eduki horren barruan beste azpikode batzuk egongo dira: gobernua/oposizioa eta ezkerra/eskuina. Hori da bigarren kritikaren abiapuntua. Adibide paradigmatiko bi, honakoak: atez-atekoa (ez) ezartzea ez da ekintza ekologiko bat eta Kortxoenearen aldeko adierazpen instituzional bat (ez) egitea ez da autogestioaren inguruko adierazpen bat. Biak botere politikoari (botoei) eragiten dioten ekintzak besterik ez dira.

Errealitatea perbertituta dago. Kode binario horien bitartez ez dago arazoak konpontzerik. Errealitatea sinplifikatu den momentuan errazegi heltzen delako erabakiak hartzera, edota zuzenean erabakirik ez hartzea hobesten delako.[3]

Errealitate konplexu bat antagonismoetan sinplifikatzeak badu ondorio zuzen bat: edukiz hutsa den barne-zirkulu bat sortzen dela. Zuk nahi duzuna egingo dut baldin eta zuk nik nahi dudana egiten baduzu. Inguruan jazo zenaren eta denaren inguruko pertzepzioa galtzen da. Inork ez daki nola iritsi garen hona.

Botere politikoaren metatze elitista horri, bai eta errealitate politikoaren antzutasun zirkular horri despotismo berria deitu izan zaio (lord Hewart).[4] Eta zer da, bada, feedback-ik eta erantzulerik ez duen fluxu hori? demokrazia despotikoa.

 

 

 


 

[1]Luhmann, Niklas (1993): Teoría política en el Estado de Bienestar. Fernando Vallespín-en itzulpena. Alianza, Madrid, 54.orria.

[2]Ibid., 64.orria.

[3]Ibid., 58.orria.