Parisen hil da 89 urte zituela. Militante anarkista gisa egindako ibilbideagatik da ezagun eta erreferente.
89 urterekin zendu da Lucio Urtubia Jiménez (Cascante, 1931) bere Parisko etxean, bizitoki ez ezik Espace Louise-Michel egoitza ere bilakatua zuena. Nafarroako langile familia batean jaioa, 1954tik Paris zuen bizileku, soldaduska egiten ari zela konpainiaren biltegian lapurreta egin ostean ihesari eman eta Frantziako hiriburuan bukatu baitzuen. Bertan igeltsero gisa aritu zen lanean –horixe izan zuen ogibide urteetan–, Fédération Anarchisteko militanteekin topo egin zuen, eta hainbat anarkistekin tratua izaten hasi zen.
Iraultzara bideratzeko dirua lortu asmoz banketxeetan lapurretak egiteari ekin zion burkideekin, eta First National Bank banketxeari (gaur egun Citibank) egindako iruzurrak egin zuen ezagun. Aurretiaz faltsutzaile gisa aritua, 70eko hamarkadaren azken urteetan First National Banken bidaiari txekeak (ingelesez travelers checks deituak) faltsutu zituen: 100 dolarreko 25 txekeko 8.000 orri faltsutu zituen, hogei milioi euro guztira, denak mugimendu iraultzaileei bideratuak, beren jardunean lagundu asmoz. 1980 eta 1982 artean faltsututako ehunka txeke banatu zituen Europan eta Hego Ameriketan.
Ekintzak First National Banken negoziazio mahaira eraman zuen Urtubia, beronekin negoziatzera beharturik ikusi baitzen banketxea, Frantziako Poliziak ezin izan zituenez txekeak faltsutzeko plantxak bereganatu. Prozesatua eta faltsutze delituagatik erruduntzat joa izan bazen ere, karguen zati handia baztertzea onartu zuen bankuak, faltsutzerako erabilitako plantxen trukean.
Azkenera arte bere printzipioei fidel, erreferente bilakatuta zendu da. Bere bizia eta ekintzak dokumental, liburu eta eleberri grafikoen motibo izan dira. Ez dira gutxi, ezta, han eta hemen eman dituen hitzaldi eta elkarrizketak. ARGIAri pare bat aldiz mintzatu zitzaion; lehena Amets Arzallusek egindako elkarrizketa honetan, eta bigarrena Sustrai Colinak lau urtera egindako honetan.