argia.eus
INPRIMATU
Luarra edo simaurgintza minetan
  • Teknika berri baten itxurarekin etorria da, baina aspaldian egiten da gurean. Kanpotik ekarritakoa hobea delakoan makina bat lan egiteko erak galdu dute hemengo berezko izena eta, kanpoeder edo kanpo-arrosa, gozo asko hartu ditugu kanpotarren hitzak; arrotzek, arraroek, ezezagunek gehiago balio balute bezala. Ulergaitzak txoratzen gaitu eta gure amonaren amonak egiten zuena adierazgaitza zaigu, eta txoramenari men, erdarek lelotzen gaituzte. “Luarra” hitzarekin gertatzen zait niri.

Jakoba Errekondo 2021eko otsailaren 11

Zerainen ikasi nuen. Guretzat simaurra ontzea dena han luarra egitea da. Berritu dezagun simaurgintza. Aziendari ukuiluan, barrukian, kortan edo abaroa bilatzen duen aterpean inaurkina jartzen zaio. Inaurkina landare baten hondakina edo hondarra da: orbela, garoa, arbazta, zaborra, belar zaharra, lastoa, arto-zuztarra, txirbila, zerrautsa eta abar. Inaurkina lehortuta zabaltzen da aberearen etzalekuan, azpi lehor, harro eta gozoa izan dezan; horretarako aurrez dagoen inaurkin eta abere gorotz eta pixa nahasketa kendu eta garbitu egiten da. Horri “azpiak egitea” esaten zaio. Kendutako horri dagoeneko “simaurra” esaten zaio, eta hemen hasten zaigu nahasmendua.

“Simaur” hitzak bi gauza zeharo desberdin adierazten ditu: batetik azpietatik atera dugun gaia eta bestetik lurrak ongarritzeko erabiltzen dena. Lehenari, aberearen etzauntzatik biltzen dena, kaka soilarekin ere nahasten da, eta: gorotza, gortatxa, pustila, kortaitza eta satsa ere esaten zaizkio. Aparteko izenak dituzte hurbilenetik ezagutzen ditugun animalien kakek: geurea kaka edo egikaria; eta asto-pustila, zalkin, beikorotz, arkorotz, altxirri, urde-gorotz, arkin, pekorotz, ahuntz-gorotz eta abar. Horiek inaurkinarekin nahastuta eta etzalekuan azpiak eginda ateratakoan, simaurra da.

Simaur hori ez da, gehienean, zuzenean ongarri gisa erabiltzen. Ondu egin behar da. Simaurra luar bihurtu behar da. Hori simaurtegian, luartokian, samats-tokian, simaur-pilan, sats-metan egiten da. “Sindika” ere esaten zaio toki horri. Simaurra ontzeko bide ugari dago, baina maizenik bi erabili izan dira: soilik simaurra bera, lehen bi edo hiru ilargitan irauliz edo simaurra beste hondakin organikoren batekin (otea batez ere) geruzatuta pilatu eta berdin irauliz. Lehen bide horri segika dator nahasketa, hasierako azpi atera berriari eta amaierako onduari, ongarriari, berdin esaten zaie: simaurra.

Gaur egun “simaurra konpostatu” esaten da. Konposta, erdaretatik jan dutenen joera. Minik handiena nekazaritza ekologikoan ari direnek erabiltzen dutenean ematen dit, lurrarekiko lotura eta kultura gehien zaintzen dutenek, alegia. Geruzatan ondutako simaurrari “luarra” esaten zaio, nik ez dut beste izenik ezagutzen. Hortik, eskala txikian egiten denari ere “luarra” esan behar zaiola uste dut.

“Samatsa” ere esan dakioke, baina inaurkinekin ez besterekin egiten da. “Matuka” izena ere hor dago, baina, bera egiteko, simaurra lurrarekin nahastu behar da. “Lurrustela” ere esaten diote zenbait hiztegigilek, baina lurrustela izakituta edo azalaitzurtuta biltzen den belarra eta lurra onduta egiten da. “Lokarda” ere hor dago, baina hori urak bazterren batean pilatu eta usteldu den landare zaborra da.

Konpostik ez, luarra bai. Konposterarik ez, luartokia bai. Simaurra konpostatu ez, simaurra luartu bai. Ze demontre!