argia.eus
INPRIMATU
Disko bikoitza eta liburuxka kaleratuko ditu Katakrakek 10. urteurrenaren harira
  • Katakrakek urteotan kaleratu dituen hamabi liburutan oinarriturik, hamabost abesti sortu dituzte hainbat artistek. Astelehenean zabalduko dituzte lehen bi kantak, Ibil Bedi eta Los Chikos del Maíz taldearenak.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2023ko urriaren 30a
Disko bikoitzaren grabaketa unea

2023ko abenduan hamar urte beteko ditu Iruñeko Katakrakek. Ostatu, liburutegi eta ikuskizunetarako areto batekin hasi zen proiektuari laugarren hanka sortu zitzaion 2016an: argitaletxea. Urteotan kaleratu dituzte makina bat liburu, eta horietako hamabi hartuta, tesiak aztertu eta letrak abestietara ekarri dituzte. Hamabost abesti original sortu dituzte hainbat artistek, eta astelehen gauean hasiko da argia ikusten lehen bi abestiak plataformetan zabalduta.

Hau dena du izena proiektuak: LP bikoitza oinarri, 24 orriko libretoa osagarri –abestien letrekin euskaraz eta gazteleraz–, Katakraken lerro editorialeko testutxoa ere opari, eta hiru argazkilarik grabazioetan eginiko irudiak ikusgarri. Katakrakeko areto nagusian grabatu dituzte ia kanta guztiak, "ezohiko estudio inprobisatu batean, ezohiko dinamikekin".

Abestiez gainera, disko bikoitzak hamabost audio berezitu dauzka, Katakraken artxibategitik hautatuak, eta kantuen arteko loturak horien bitartez egingo dira. Diskoan soilik entzun ahalko dira.

Luxemburg eta Randall

Rosa Luxemburg eta Dave Randall autoreen lanetan oinarrituta, Ibil Bedi-ko nafarrek eta Los Chikos del Maíz-eko valentziarrek kanta bana egin dute, Anelidoak lehenak eta 1520 Sedgwick Avenue bigarrenak.

Ibil Bedik disko berriaren biran aurkeztu du abestia, Katakrakek prestatutako bideo honetan ikus daitekeenez. Los Chikos del Maíz taldeak, bestalde, dagoeneko argitaratu du kantaren bideoklipa eta hiru eguneko epean milaka ikustaldi izan ditu.

Aurresalmenta, zabalik

Azaroaren 14ra arte disko bikoitza erosteko aurresalmenta abian jarri du Katakrakek, nahiz ordurako ez dituzten kanta guztiak entzungai jarriko. Azaroaren amaiera partera sareratuko dituzte denak, eta azaroaren 14a baino lehen, lau abesti baino ez. Sorpresa bere horretan mantenduko da beraz, nahiz eta zabaldu dituzten hainbat iruditan antzeman daitekeen Fermin Muguruza edota J Martina aritu direla proiektuaren atzean.

Lehen bi kantak urriaren 30etik 31rako gauerdian jarriko dituzte entzungai.