Airelinearen arabera, “akats operatiboek” eragin dituzte gora-beherak. Espainiako sustapen ministerioak eta Kataluniako Generalitateak ikerketak abiatu dituzte.
Espainiako Estatuan gertatu bezala, Euskal Herrian ere izan dute eragina Vuelingen arazoek. Hala, Loiutik Bartzelonara joatekoak ziren bi hegazkin lurrean geratu dira.
Iganderako programatuta zeuden 700 hegaldietatik hemeretzi ez ziren abiatu. Horrez gain, hainbatek atzerapenak jasan zituzten. Tartean, Loiutik Sevillara eta Amsterdamera joatekoak zirenek. Beste hainbeste gertatu zen Malaga, Milan, eta Amsterdametik Bizkaiko aireportura zetozenekin. Astelehenean, aldiz, hegaldirik ez da geratu bertan-behera, baina “trafiko arazoengatik” atzerapenarekin iritsi dira Bruselatik eta Bartzelonatik.
Pertsonal gehiago, egoerari aurre egiteko
David García Vuelingeko zuzendari orokorrak adierazi duenez, egoera dagoeneko “hobetzen ari da”. Garcíaren arabera, langile gehiago kontratatu eta lan txandak areagotu dituzte arazoak konpontzeko.
Espainiako sustapen ministerioak espedientea ireki dio airelineari, “hegaldien baliogabetzearen jatorria argitzeko”. Bere aldetik, Kataluniako Generalitateak “urgentziazko bilera” egin du, zein neurri hartu erabakitzeko. Vuelingen zuzendaritzak astelehen honetan emango ditu azalpenak.
Airelinearik salatuena
Kontsumitzaileen kexak jasotzen dituen reclamador.es atariaren arabera, Vueling izan zen iazko airelinearik salatuena. Enpresa kataluniarrak 8.000 kexatik gora jaso zituen, erreklamazio guztien %50,1.
Pablo Rabanal reclamador.es webguneko kideak otsailean azaldu zuenez, “Vuelingen salmenta kopuruak ikaragarri igo dira azkenaldian, baina baita kexak ere”. Horrez gain, arazoak konpontzerako orduan “enpresarik gatazkatsuena” dela adierazi du.