2020ko Literatura Nobel sariaren irabazlearen berri eman du ostegun honetan Suediako Akademiak. Louise Glück poeta estatubatuarra izan da aurtengo irabazlea. Epaimahaiak nabarmendu du Glücken lanetako ahotsaren edertasun biluzia eta nola honek "existentzia indibiduala unibertsal egiten duen".
Gluck New Yorken jaio eta Long Islanden (AEB) hazi zen. Aurretik ere literatur sari garrantzitsuak jasotakoa da: 1993an Pulitzer Poesia Saria irabazi zuen The Wild Iris poemagatik. Gainera, National Book Critics Circle Award saria ere jaso du Triumph of Achilles lanagatik eta Amerikako Poeten Akademiaren Saria berriz, Firstborn lanagatik, baita Guggenheim beka ugari ere.
Suediako akademiak nabarmendutako tonu biluziaz gain, Glück-en poesiaren gaiak ere azpimarratzekoak dira: trauman zentratutako obra osatu izan duela esan dute adituek, bere karrera osoan idatzi baitu heriotzaz, galeraz, bazterketaz, harremanen porrotaz eta sendatzeko eta berritzeko saioez.
1960ko hamarkadaren amaieratik ibilbide oparoa izan duen idazle honen lanik ez dago euskaratuta oraingoz.