Donibane Garaziko gaztetxeak hiru eguneko festibala prestatu du. Ekainaren 16tik 18ra ospatuko dute Lasan eta Donibane Garazin.
Garaziko gaztetxeko kideek Leire Iribarne laguna eta artista omenduko dute, Loturak festibala antolatuz. Ekimena ekainaren 16tik 18ra ospatuko dute Garaziko gaztetxean eta Lasako gelan. Bertaratzeko gonbita Iribarneren lagun eta ezagunei ez ezik, bera ezagutzeko aukera izan ez zutenei zabaltzen diete.
Besteak beste, Diabolo Kiwi taldeko kidea zen Iribarne, Julen eta Allande Etxeberri eta Amaiur Epherrekin batera. Auto istripuz zendu zen urtarrilaren 28an, 24 urte zituela. Tolosan eta Euskal Herrian sortu zituen harremanak bizirik mantendu nahian, Iribarneren hainbat lagun musikari elkartu nahi izan ditu Garaziko Gaztetxeak
Harremanak sendotuz, zauriak sendatu!
Sarrera prezio librean jarri dute festibalaren lehen bi egunetarako eta hirugarren gauerako 8 eurotan. Ekainaren 16an, osteguna, Milo taldea arituko da 20:00tan Garaziko gaztetxean. Biharamunean, Asbah hirukotea egongo da leku eta ordu berean. Larunbatean berriz, Lasako gelan elkartuko dira arratsaldeko 18:00tan, eta oholtza gainean izango dira Julii Sharp, Urgatz, Ocre, LMA eta Jean Flex DJa.