argia.eus
INPRIMATU
Lotu zure txakurrak
Iraitz Amor Pla 2025eko martxoaren 17a

Euskal Herriko Mugimendu Feministak aurtengo Martxoak 8ko mobilizazioak "faxismoaren, erreakzionarismoaren eta zapalkuntzaren aurkako aliantzak" ehuntzean ardaztu ditu.

Kepa Kortak Naiz-en idatzitako “Musikariaren jakituria” artikuluan faxismoa definitzeko Cambridgeko hiztegiaren irizpidea irakur genezakeen: “Oso lider boteretsuan, bizitza sozial eta ekonomikoaren estatu kontrolean, eta aberri eta arraza muturreko harrotasunean oinarritutako sistema politikoa, desadostasun politikoaren adierazpenik onartzen ez duena”.

Definizio horretako oinarrizko elementuak, boterea eta horren bitartezko kontrola, batetik, eta autokritika falta (harrotasunak eta desadostasunik ez onartzeak suposatzen dutena), bestetik, izango lirateke nire ustez. Baina erreferente(ar)en (liderra/k) kontzeptua ere ahaztu gabe.

Ez dute eragiteko ahalmen bera norbanako umilek ala beste pertsonen ekintzak baldintzatu ditzaketen erreferente eta elkarteek. Horregatik da garrantzitsua sinesmenak, usteak, iritziak, esamesak eta teoriak ere zalantzan jartzea

Denok dauzkagu aintzat hartuak izatea edota defendatu nahi ditugun bizimodu, iritzi eta pentsaerak, nekez etorriko direnak bat %100ean besteenekin, norbanakoak baikara, edota, are, Ideia eta Egia absolutu filosofikoekin. Bestalde, denok daukagu botere kuotaren bat, gure pentsamendu horiek adierazteko dugun gaitasunaren edota besteengan eragiteko dugun baliabideen araberakoa. Hori puntu garrantzitsua da, edukitze hutsean baino, boterearen erabileran baitago gakoa; eta erabilera hori, dauzkagun baliabide (pribilegio) horien menpe dago, bai, baina batez ere norbanako bakoitzaren borondatearen menpe, edo beste era batera esanda, kontzientzia eta erabaki indibidualen menpe.

Itziar Zigak trebetasunez dio (“Una plaza con sombra es 'woke'” Naiz-eko artikuluan): “Zapaldutako kolektibo baten partaide izateak ez du esan nahi politikoki zapalkuntza ororen aurka egiten duzunik”, eta gehituko nuke, edo zerorrek ere ez duzunik zapaltzaile rol hori hartzen.

Ez dute eragiteko ahalmen bera norbanako umilek ala beste pertsonen ekintzak baldintzatu ditzaketen erreferente eta elkarteek. Horregatik da garrantzitsua indibidualki zein kolektiboki ontzat ematen ditugun sinesmenak, usteak, iritziak, esamesak eta teoriak ere zalantzan jartzea, nahiz eta boto-emaile, sare sozialetako jarraitzaile edota arrazoia zein babesa itsu-itsuan (edo Justizia inpartzial egiten duen benda altxatuz) emango digun lagunarte, sendi zein txalo-jotzaile talde oparo bat izan inguruan. Besteen babesa izateak ez du egiaren jabetza bermatzen. Izan ere, guk dioguna egia absolutua balitz bezala defendatzen badugu konfiantzazko guneetan zein gure irizpidea beste inorenaren gaindi kokatzeko, geu arituko gara zapaltzaile bezala jokatzen, autokritikarik egin gabe bestea boterearen bitartez kontrolatu nahian.

Ramon Zalloren Naiz-eko artikuluan ere (“Plataformas tecnológicas y neofascismo”) adierazten da badagoela desinformazioranzko eta gorakada neofaxistarako joera, bidegabekeria sentimenduetan eta konfiantzaren galeran oinarritua (bere testuan, instituzioekiko irakurtzen dena, baina nire ustez alteritate osora zabal daitekeena eta, hori dela eta, edozein norbanako zein kolektibori gerta dakiokeena), balio humanistak eta erantzukizun zibikoak hartzea alde batera utzi eta konponbidetzat saihesbideak hautatzera eraman gaitzakeena, etsaitzat hartu eta izendatzen diren talde edo pertsonengan tentsioa, mina eta erreakzioak eraginez (baita horrelakoak nahita bilatuz ere), amaigabeko borroka dinamika batetan.

Horrela, komunikazioa eta bestea ulertu nahi izatea alde batera uzten dira, konfiantza eraikitzea ezinezko eginez sozializazio maila guztietan. Nork azter dezala bere kontzientzia.

Uste dut gogoeta honek berdin balio diezaiokeela eskuin zein ezkerreko politikariari edo Interneteko influencerrari, hedabide handi bateko arduradunari zein kalean pintaketak egiten dituenari, jabetzen ez denari zein jakintsuari (musikari izan ala ez), manosferako partaideari zein mugimendu feministakoari; gizonari, emakumeari zein genero bitarretik kanpokoari; finean, gutako bakoitzari. Faxismoa* eta oldarraldi erreakzionarioa edonon aurki baitaitezke.

Begiratu barrura, eta lotu zure txakurrak.

Iraitz Amor Pla