Bilboko Portuko arduradunak lau metroko altuera duen harresi bat eraikitzen ari dira, errefuxiatuak ferryetan polizoi modura sartzea eragozteko. Erabaki horrek erreakzio ugari eragin ditu.
Bilboko portuan errefuxiatuei atea itxi eta armei zabaldu zaiela salatu dute pertsona ugarik. Aurreko abuztuan publiko egin zen Bilboko portutik zenbait arma kargamentu atera zirela Arabia Saudirantz. 312 bat edukiontzik zeramaten “lehergaiak” jartzen zuen errotulua. “8.656 armamentu tona”, Elkarrekin Podemos alderdiko Iñigo Martinezen esanetan.
Aldiz, aurreko astean jakin zen migranteen aurkako harresi bat eraikitzen ari direla portu berean. Britanny Ferries enpresak zioen, horrela “polizoien arazoa konpontzea espero” dutela. Bilboko portua Erresuma Batuko Portsmouth hiriarekin lotzen ditu ferry konpainia horrek.
Santurtzi eta Zierbenako kanpalekuetako errefuxiatuak izan ohi dira Bilboko portuko ferryetan polizoi moduan sartu ohi direnak. Iñigo Urkullu Lehendakariak apirilean konpromisoa adierazi zuen Europara iritsi diren errefuxiatuei laguntzeko. Aldiz administrazioa oso urrun dago oraindik konpromisoa betetzetik.
Harresiaren harira, Ahal Dugu Euskadi alderdiak salatu du “pertsonen eskubideak erdigunean jarri beharrean, interes ekonomikoak” jartzen direla. Horregatik, Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen zuzendariaren eta Arantza Tapia sailburuaren agerraldiak eskatu ditu Eusko Legebiltzarrean.