Orain gutxi lagun bati gertatutakoa kontatuko dizuet; amorrutik, lagunaren ezinegona erraietan iltzaturik. Euskal Herriko kostaldeko herri txiki batean gertatu zen, non, denak diren ezagun, non, ez diren inoiz kanpoan gertatzen diren basakeriak gertatzen. Denak bizilagun izatearen babesean, eta astegun buruzurian eguzkia hartzen bertan egoten den jende kopuru urria aintzat harturik, lasai erantzi zituen lagunak titiak estaltzen zizkion bikiniaren goi aldea.
Lasai, hondartzak ematen baitu kalean egin ezin diren horiek egiteko askatasuna: motots gaizki eginak, makilatu gabeko aurpegiak, titi libreak… Baina erraza da askatasuna lapurtzea, libre daudenak preso bilakatzea.
Laguna hondartzan topless egiten lasai zegoela etorri zitzaion Gurutze Gorriko langilea, itxuraz, gizonezko bat argazkiak ateratzen ari zitzaiola ohartaraztera. Ezinegonak ezkutatu zizkion orain arte aske utzitakoak. Lotsa, kulpa.
Lotsa, kulpa. Horiek omen lagunak unean sentitu zituenak. Bere buruari iseka eginez destapeaz damututa. Kafeari bueltak eman bitartean aitortu zidan argi zuela bera ez zela erruduna, ez zuela zertan lotsaturik; “baina momentuan hala sentitu nuen”, bota zidan, plaust! Esango nuke oraindik gizonezkoaren begirada kameraren objektibotik begira ari zaiola; eta bera, urduri, arduratuta, lotsatuta.
Gizonak hanka egin zuen lasterka, laguna argazkiak arrapatuta geratu zen nonbait. Lapurtu dio askatasun zati bat, ziur hurrena, birritan pentsatuko duela titiak askatu aurretik. Izan ere, objektibo bat bihur daiteke arma; begirada bat, biolentzia.
Iritzi artikuluaren jatorrizko bertsioa Klitto! atari digitalean aurki dezakezu, lizentzia libreari esker ekarri dugu ona.