Herri Ekimena kolektiboak bultzatutako Los trileros forales dokumentala Iruñeko Santa Cruz plazan estreinatzea debekatu zuten atzo eta zinema barruan egin behar izan zuten proiekzioa. 500 lagun bildu ziren filma ikustera.
Nafarroako egoera ekonomikoaren “gorabeherak” kontatzen ditu dokumentalak. Besteak beste, UPNren hainbat jarrera salatzen ditu eta debekua Santa Cruz plazako zuzendaritzak eman zuen arren, agindua UPNrena zela uste dute dokumentalaren sustatzaileek.
Noticias de Navarrak kolektiboaren hitzak jaso ditu: “UPNren eta bere lagunen arteko negozioak, ustelkeriak, erreformak eta krisia aztertu ditugu dokumental honetan, horregatik uste dugu debekua UPNk eman duela. Adierazpen askatasunari eraso egin diote berriro ere”.
Zineman egin zen estreinaldiak balorazio positiboak jaso ditu Twitterren eta antolatzaileak ere pozik azaldu dira.