argia.eus
INPRIMATU
“Los Deia Kirol Sariak”: euskaraz, izena bakarrik
  • Aitzol Atutxa aizkolari dimaztarrak Twitterren ohartarazi du Deia egunkariak banatu dituen “Deia Kirol Sarietan” euskararen presentzia hutsalaz. Egoera horren aurrean, gaztelania hutsean egindako galdereei euskaraz erantzutea erabaki zuen Atutxak.

Axier Lopez @axierL 2018ko otsailaren 09a

DEIA egunkariak urtero "Euskal Kirol Sariak" banatzen ditu, Noticias taldeko egunkariak urte horretan aukeratzen dituen Euskal Herriko hainbat kirolariren lana saritzeko. Aurten ere hala egin dute asteazkenean Bilboko Euskalduna jauregian. Edizio honetako sarituen artean izan dira Jon Rahm golflari getxoztarra, Suitzan bizi den Garbiñe Muguruza tenislari venezuelar-frantziarra, Mikel Landa txirrindulari murgiarra, Athleticeko hainbat jokalari eta Aitzol Atutxa Dimako aizkolaria, besteak beste.

Atutxak hainbat txioren bitartez agerian utzi du sari banaketan antolatzaileek euskara alboratu izana. "Gala honek euskeraz izan zuen bakarra bere izenburua izan zen, oso gaizki Deia eta antolatzaileak. Ez dakit noren ardura den baina erantzuleren bat egon behar da seguru", adierazi du egoerak lotsarazita. Aurkezleak euskal hiztuneei ere galderak gaztelania hutsean egiten zizkietela ikustean, bere txanda heltzean, euskaraz erantzutea erabaki zuen. "Batzuk izerdiz bi pausu aurrera ematen dituzten bitartean beste batzuek utzikeriaz hamar pausu ematen dituzte atzera".