argia.eus
INPRIMATU
Los Arcos-eko Zirkuitoak 60 milioi eurotik gorako gastu publikoa irentsi du 2010etik
  • Nafarroako Kontuen Ganbarak aztertu du Los Arcosen 2010ean eraiki zen autoen abiadura zirkuituaren kudeaketa ekonomikoa, eta ondorioa oso kaltegarria da Nafarroako Gobernuaren diru-kutxarentzat.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko urtarrilaren 14a
Arg.: Navarra.es

EH Bilduk egin zion eskaera Kontuen Ganberari: azter zezala 2014 eta 2019 artean izandako zirkuituaren alokairua, eta ganberak txostena egin du. Gaur egun, NICDO enpresa publikoak kudeatzen du zirkuitua, baina beti ez da horrela izan. 2010ean inauguratu zen, eta haren eraikuntzarako Nafarroako Gobernuak –orduan UPNren esku– 55 milioi euro jarri zituen, enpresa eraikitzaileak proiektuarekin jarraitzeari uko egin zionean.

Orduan jada, Kontuen Ganberak adierazi zuen ez zegoela aldez aurreko inongo agiririk adieraziz gobernuak proiektuan parte har zezakeenik. Txostenak zioen, halaber, Foru Gobernuaren erabakiek enpresa eraikitzailea mesedetu zutela.

2013ra arte Nafarroa Kirola eta Aisia, eta NICDO enpresa publikoek kudeatu zuten zirkuitua, eta negozioak bost milioi euroko galerak izan zituen. Egoeraren ondorioz, zirkuitua Los Arcos Motosport enpresari alokatu zitzaion lau urtez: lehenbiziko urtean 150.000 euro ordaindu beharko zuen, bigarrenean 250.000 eta 300.000 azken bietan. Enpresa berriak ez zuen alokairu hitzarmena bete, batez ere mantenuaren alorrari zegokionez. Hala ere, 2018an beste urtebetez luzatu zen errentamendua.

Los Arcos Motosportek berriz ere ez zuen hitzarmena bete eta NICDOk maizterrak jarritako 720.000 euroko bermea bereganatu zuen. 2020tik NICDOk zuzenean kudeatzen du zirkuitua eta azken urteak 1,7 milioi euroko galerak utzi ditu.

Lasterketa zirkuitua eraiki zenean kritika ugari jaso zituen, besteak beste krisi latzaren muinean eraiki zelako. Hamar urte ondoren galerekin jarraitzen du, zorro publikoaren 60 milioi euro irentsi ditu eta defizita sortzen jarraitzen du. Informazio hau Ibai Fernándezek landu du Diario de Noticias-en.