AEBetako artzapezpiku barrutiak debekatu egin du Cesareo Gabarain apaiz hernaniarraren abestiak mezetan kantatzea, berrikitan jakin ondoren sexu-abusuengatik salatua izan zela 1978an eta Elizak salaketa horiek ezkutatu zituela.
Los Angeleseko artxidiosiak sinesgarritasuna eman die Cesareo Gabarain euskal apaizaren kontrako pederastia salaketei eta bere barrutian hark konposaturiko abestiak mezetan kantatzea debekatu du, Berria-k argitaratu duenez.
Hernanin jaioa 1936an, hainbat urtez Antzuolako kapilau izan zen Cesareo Gabarain eta duela gutxi El País egunkariak azaleratu duenez, bere kontrako salaketak 1978an egin zituen Madrilgo ikasle talde batek. Horren ondotik, azken hilabeteotan jakin da gutxienez beste 17 lagunek euren testigantza eman dutela Gabarainek egindako sexu-abusuengatik.
Musika ikasketak Zaragozako seminarioan egin zituen Gabarainek eta 1966an Madrilera Anaia Maristen Chamberri Eskolara joan zenean hasi zen abestiak konposatzen. Bere hainbat konposizio oso ezagun egin ziren Juntos como Hermanos edo La muerte no es final kasu. Azkeneko hau Espainiako Armadak hartu zuen bere himnotzat eta "erorien omenezko" ekitaldian abesten zuten, gaztelaniazko Wikipedian irakur daitekeen moduan.
Sexu-abusu salaketak jaso zituenean, Anaia Maristek egotzi egin zuten erakundetik eta Elizak tokiz aldatu zuen. Hortik gutxira Joan Paulo II.ak bere kapilau egin zuen, "musikan egindako ibilbidearen" sari gisara. 1991n hil zen Antzuolan minbizi baten ondorioz.
Pederastia kasua ezkutuan izan du Elizak urte hauetan guztietan, eta sexu-abusuak azaleratu diren honetan ez du inolako adierazpenik egin. Harik eta Los Angeleseko artzapezpikuak harturiko erabakiaren inguruan Espainiako apezpikuen bozeramaileak esan duen arte "Erdi Aroko" zigor mota bat dela hori, egin zuenak ezin duelako bere obra musikala "kutsatu".