Hainbeste urte borrokan horren atzetik ibili ondoren, 34 urte, hain zuzen, oso pozik gaude orain egun batzuk, abenduaren 28an Inuzente egunean, Iruñean, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatu zuen batzarrean hartu zen erabakiagatik. Zeren ondo bidean, aurrerantzean, nazioarte mailan euskal pilotan antolatzen diren lehiaketa ofizialetan euskal selekzio gisa parte hartzea izango dugulako. Lastima, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lizentzia duten euskal pilotariak soilik lehiatu ahal izango direla, lurralde federazio horiek ordezkatzen duten EAEko Federazioa delako nazioartean onartu izan dena eta ez zazpi herrialdek osatzen duten Euskal Herrikoa, guri eta suposatzen dut beste askori ere gustatuko litzaigukeen bezala. Horregatik, guretzat ez da nahikoa izan lortutakoa, zeren ofizialtasun hori aldarrikatzen ari garenaren zati bat baino ez delako.
Horregatik, lortutakoa ezin dugu hartu garaipen osoa izango balitz modura, zeren ofizialtasun horren beste zati bat, eta garrantzitsua gainera, falta zaigulako oraindik. Zeren, berriro diot, gurea zazpi herrialdeak kontuan hartuko lituzkeen euskal pilota selekzioa delako, finean eta modu berdinean, zazpien eskubidea ere badelako. Izan ginelako gara!
Iruñean emandako urratsa oso garrantzitsua izan dela aitortzen dugu, besteak beste, orain, osotasunean Zazpiak Bat horren ofizialtasuna lortzeko, eskuragarriago izango ditugulako horretarako beharko diren tresna guztiak
Baina, hori horrela izanda ere, Iruñean emandako urratsa oso garrantzitsua izan dela aitortzen dugu, besteak beste, orain, osotasunean Zazpiak Bat horren ofizialtasuna lortzeko, eskuragarriago izango ditugulako horretarako beharko diren tresna guztiak. Eta hori lorpen handia da.
Abenduaren 28a, Inuzente eguna izateaz gaiz, nik esango nuke, egun historikoa ere bihurtu zela, bihurtu zenutela, bihurtu genuela! Hala ere eta batik bat, ezagututa gure selekzioaren betiko “arerioak” edo, zuzenago esanda, etsaiak zeintzuk diren, eta euskal pilota selekzioaren aldeko erabakia beraientzat oso mingarria izan dela, esan gabe doa, komeni dela zuhurtziaz hartzea eta bakoitzak bere alorretik horren alde lanean zintzo jarraitzea. Zeren, beste gauza guztien gainetik, garbi dugulako, urte guztietako herritarren aldarrikapen borroka eta kemenaren ondorioz lortu dela urrats txiki edo handi hau ematea, gero beste batzuk, alderdikeria erabiliaz garaipen txiki hori soilik beraiena izango balitz bezala saldu nahi izan. Baina ezagutzen gara eta badakigu urte hauetako guztietako lanaren ondorioa baino ez dela.
Orain, euskal herritar gehienok amesten dugun ofizialtasun horren bideari guztiok, itxaropenez eta kemenez, heltzea komeni da. Eta horrela egiten badugu, ziur nago, Euskal Herrian beste egun historiko bat bizitzeko aukera izango dugula. Zorionak, guztioi, merezi duzue eta!
Martxel Toledo Garmendia
ESAITeko kide ohia eta EHEPSAMeko (Euskal Herriko euskal pilota selekzioaren aldeko mugimendua) kidea