argia.eus
INPRIMATU
Moha Gerehou
“Lorpenak behar ditugu borroka antirrazistan, bestela frustrazio oso handia sortuko da”
  • Bere buruarekiko zuen gorrotoa eta lotsa gainditu eta arrazakeriaren kontrako borrokan urteak daramatza Moha Gerehouk. Aktibismoaren ajeez eta erronkez aritu gara, ekintzarik gabeko akademizismoaz, nekeaz, paternalismoaz, Mr. Wonderful mezuez eta enpatiaz. Bere bizipenak eta diskurtso antirrazista josten dituen Qué hace un negro como tú en un sitio como este liburua argitaratu berritan, argi mintzatu zaigu Huescako (Aragoi) kazetaria: “Pedagogia lan hau ez da doakoa: pedagogia egiten dugu jendea ekintzara pasa dadin".

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2021eko ekainaren 01
Argazkiak: Alvaro Minguito

Urtetan zure burua gorrotatu zenuen, beltza, musulmana eta jatorri gambiarra izateagatik. Autolotsatik zure identitatea aldarrikatzera pasa zara. Nolakoa da prozesua?

Bizi nuen autogorroto hori guztia erabat inposatua dela konturatu nintzen: estrukturazko arrazakeriaren eta botere desoreka horren ondorioz ulertzen dugu identitate horiek (beltza izatea, musulmana…) baztertzaileak direla, hemen bizi bazara ezin duzula beltza eta musulmana izan. Eta horri buelta emateko prozesuan hainbat helduleku izan ditut: batetik, ezagutza eta jakintza antirrazista, urtetan neureganatzen joan naizena; bestetik, ulertzea hori guztia zerbait inposatua dela eta ez naturala; eta hirugarrenik, antzeko historia izan dutenekin bizipenak partekatzea, gizarte honetan beltz izateak zer esan nahi duen hobeto barneratzeko. Horrek guztiak eraman nau honaino, eta funtsezkoa da prozesu hori lehenbailehen hastea, txikitatik, identitatea garatzen ari garelarik eta gatazka horiek guztiak sortzen doazelarik erantzunak aurkitzen joan gaitezen eta zauriak askoz lehenago sendatu ditzagun. Horretarako ere idatzi dut liburu hau. Nik neuk eskertuko nukeen gaztetxo nintzenean halako liburu bat edo beste batzuekin solasaldi partekatuak izatea, hogeitaka urterekin hasi beharrean gauza hauen inguruan gogoetatzen.

Are gehiago, denek ez dute prozesu hori egingo, autogorrotoan, autolotsan… geldituko dira.

Eta horregatik da inportantea ezagutza antirrazista jende gehiagorengana eta askoz lehenago iristea; hori da egin behar dugun ahalegin kolektiboa. Horretarako eskura ditugun bide guztiak erabiltzearen alde nago, akademiatik hasi eta Tik Tok plataformaraino. Norberak ikusiko du prozesua nola eta zein bidetik egin, baina aurrera ez egitea ez dadila izan ez duelako ezagutza horretarako sarbiderik, eta gaur egun arazo hori badagoela uste dut.

"Solidaritatea ez da arazoa, arazoa da horrek transmititzen duena: badirudi soluzioa dela zuri batek ematen dizun besarkada, eta horrek begirada mugatzen digu, arazoa askoz konplexuagoa baita"

Beltza izateagatik migratzaile zarela ondorioztatzen dute maiz, baina Espainiako Estatuan jaioa zarela erantzuten duzu zuk. Halere, zure guraso afrikarrengandik heredaturiko motxilaz ere mintzo zara liburuan. Noiz uzten dio batek migratzaile izateari, nola bizi duzu dikotomia hori?

Gizarte honen begietara, zuria ez den oro atzerritarra da, horregatik gaude etengabe gure espainiartasuna aldarrikatzen. Ez da espainiar izatea aldarrikatu nahi dudalako, bazterketa egoeratik hori aldarrikatzera behartuta nagoelako baizik. Baina diozun moduan, gurasoengandik jasotako identitatea ere hor dago, ohitura, kultura eta erlijioari lotutako identitatea, eta motxila horrekin borrokatu behar duzu, sentitzen duzulako identitate horiek ez datozela bat bizi zaren gizartearekin, bertan integratu nahi baduzu atzean utzi behar dituzula beste horiek, konturatzen zaren arte ezetz. Halere, motxila pisutsua da, alde migratzailetik ere espektatiba batzuk daudelako, nolakoa izan behar duzun, baina nik nire bidea egin dut. Identitatea eraikitzeko orduan, bide gatazkatsuak urratu eta erabakiak hartu behar dituzu, gauza batzuk atzean utzi eta beste batzuekin aurrera segi.

Migrazioaren ikuspegitik, bigarren mailako belaunaldia zara zu eta heredatutako motxilaz diharduzu. Hirugarren, laugarren… belaunaldiek ere, beren azalaren koloreagatik, motxila hori izaten jarraituko dutela uste duzu?

Frantziako Estatuan bertan, bosgarren eta seigarren belaunaldiak bizi dira, eta ez dituzte frantziar gisa hartzen, atzerritar izaten segitzen dute beren arrazagatik. Duela gutxira arte, antirrazismotik arrazakeriaz hitz egiten genuenean migrazioaz ari ginen, baina jada ez, arrazaz aritzen gara, berdin diolako zure gurasoak migratzaile izan edo ez, arrazak baldintzatzen du zein neurritan eragiten dizun egiturazko arrazakeriak. Ez zuria = migratzaile kontzeptua, hain errotuta dagoena, ezabatzea lortzen ez dugun arte, nire bilobek eta birbilobek motxila honekin segituko dute bizkar gainean.

Afrikarrez dugun irudia da pobreak direla, kulturarik gabeak, basatiak… Harritu nauena da zuk zeuk, 9 urterekin, irudi hori zenuela Afrikaz, gurasoak Gambiakoak izanik.

Txikitatik jasotzen dugun ezagutza arrazista horretatik inor ez gaudelako salbu, nik neuk hizkuntza arrazista ikasi dudan moduan eta umetatik begirada arrazista barneratu dudan moduan. Pelikulen, dokumentalen eta abarren bidez Afrikaz nuen irudiak talka egiten zuen etxean gurasoek esaten zidatenarekin, bai, baina beste guztia hain da indartsua, hain dago errotua eremu guztietan, gurasoen hitza ateratzen zela galtzaile. Bestea sinesten nuen, Afrikara bertara joan eta ezagutza antirrazistari leku egiten hasi nintzen arte. Hori ere bada arazoa: oso berandu hasten garela ezagutza antirrazista barneratzen, eta urtetan jasotako kontrako mezuek erroak finkatuta dituztela gurean.

"Interpelatuta sentitu behar dutenak ez gara komentario arrazista sufritu dugunak, gurekin batera dauden gainerakoak baizik. Ardurak partekatua izan behar du"

Hain juxtu, eskola espazio inportantea da mezu horiei aurre egiteko. Zein dira eskolan aniztasuna lantzeko gakoak?

Hezkuntza sistemak dio ezin duela arrazakeriarik egon, baina horretarako neurririk hartu ezean, adierazpen hutsa baino ez da. Gakoak ugariak direla uste dut: pentsatzea talde anitza izatea bere horretan arrazakeriari aurre egiteko bermea dela adibidez ez da zuzena; ikasleek ez dute ezagutza antirrazista jasotzen eskolan (curriculumaren bidez, esaterako); irakasle askok ez daki arrazakeria tarteko diren gatazkei aurre egiten (“beltz nazkagarri” deitu badio ikasle batek besteari, soluzioak ezin du izan elkarri barkamena eskatzea eta kito); ez dago jazarpen arrazistaren aurkako protokolorik… Maila ugari hartzen dituen arazoa da, modu orokor eta estrukturalean landu behar dena, bestela jarraituko dugu pentsatzen aniztasuna mehatxua dela, eta ez aukera aberasgarria.

Irakasle askok uste du arrazakeriaz eta sortzen dituen gatazkez hitz egitea arazoa dela, baina horretaz guztiaz hitz egitea da hain zuzen ere soluziorako abiapuntua.

Aktibista gisa, ohituta zaude eraso arrazistei aurre egitera. Liburuan kontatzen duzu zailagoa dela salaketa hori egitea hurbileko jendea, kontziente edo inkontzienteki, arrazista denean.

Horrelako egoera bat ematen denean, nire ustez interpelatuta sentitu behar dutenak ez gara komentario arrazista sufritu dugunak, gurekin batera dauden gainerakoak baizik, alegia egoera arrazista identifikatzeko gai izan diren baina isilik geratu diren horiek, jarrera horrek indartu egiten duelako komentarioa bota duena. Ardurak partekatua izan behar du. Egoera arrazistek deseroso sentiarazi gaitzala denak (eta ez bakarrik zuria ez den norbait dagoenean aurrean) eta deserosotasun hori hitzetara eraman dezagula, hori da helburua, zeren sarri badirudi deseroso sentiarazten gaituena dela zer eta egoera arrazista seinalatzea eta giroa nolabait zapuztea.

Zure liburuak harrera ona izan du, baina esanguratsua da: antirrazismoari buruzko liburu batek harrera arrazista izan du batzuen aldetik.

Antirrazismo diskurtsoak mahai gainean jartzea zein beharrezkoa den erakusten du horrek, baina aldi berean, prestatuta egon behar dugu, zeren diskurtso antirrazista gizartean indarra hartzen doan heinean kontrako erreakzioa eragingo du, mugimendu sozial guztiekin berdin gertatzen da, feminismoa dugu horren lekuko. Babes sareak sortzen joan behar dugu, eraso arrazistei kolektiboki erantzuteko eta bakarrik ez geratzeko. Prozesuaren parte dela ulertzen dut.

"Aktibismo akademizista presarik ez duen jendearen mesederako da, lasai har dezaketenentzat, eta herrikoi bihurtzeak egiten du presioa eta urgentzia handiagoa izatea"

Ados, baina aktibismoaren lehen lerroan zaudetenentzat ez da erraza izango halako eraso pertsonalak etengabe jasotzea. Aktibismoak une batean zure bizitza jan zuela kontatu duzu liburuan, norbere burua zaintzea ere inportantea dela.

Nire zaletasunak, nire osasuna… alboratu nituen, aktibismoaren alde. Hori orekatzen eta jendearen laguntzaz nire burua sostengantzen ikasi dut. Zeinen inportantea den adibidez sare sozialetan eraso arrazista bat jaso eta jendeak babes mezuak idaztea zure alde. Azken finean, aurpegia jartzen dugunon kontrako eraso pertsonalak diren arren, ulertu behar dugu aktibista antirrazista baten kontrako erasoa gizarte osoaren kontrako erasoa dela, dugun sistema bidegabea auzitan jartzeagatik jasotako erasoa dela eta beraz denok egin behar dugula bat horren aurrean.

Arrazakeriaren aurkako borrokan, zurion ekintzek zenbat dute paternalismotik?  

Adibide oso garbia da duela gutxi gertaturikoa: Ceutan Gurutze Gorriko langile batek migratzaile bat besarkatu du eta irudia biral bilakatu da. Badakigu langileak Luna izena duela baina ez dakigu ezer besarkatzen duen gizonaz. Solidaritatea ez da arazoa, arazoa da horrek transmititzen duena: badirudi muga militarizatu eta hiltzaile horien aurrean, soluzioa dela zuri batek ematen dizun besarkada, Luna bezalako jende gehiago dela soluzioa, eta horrek begirada mugatzen digu, arazoa askoz konplexuagoa baita. Jakina indarkeria horren guztiaren artean humanitatea jasotzearen alde nagoela, baina gailentzen den mezu bakarra hori da azkenean, Afrikan gertatzen ari denaz, migrazio politikaz eta sakoneko erroez hitz egin beharrean.

2017an ARGIArako izan genuen solasaldian, titularra honakoa izan zen: “Arrazakeria jasan dugunok lideratu behar dugu borroka hau, ez ezkerreko zuriek”. Beste muturrera egin dugu? Hain bihurtu dira indibidualistak borrokak, zuzenean eragiten ez banau ez dudala nire burua interpelatuta sentitzen?

Jende zuri askori gertatu zaiona da borroka antirrazistan lidergo postua kendu zaionean erabaki duela ez duela zer eginik borroka horretan, eta horrek ez du gauza onik esaten jende horretaz. Urteotan gauzak aldatu dira, jada ez ditugu ikusten aditu zuriz betetako mahai-inguruak arrazakeriaz hitz egiten, baina jakina zuriek lekua dutela mugimendu antirrazistan: antirrazismoa ez da bakarrik mikrofonoa hartu eta manifestazioetara joatea, egunerokoan txikitik eragitea ere bada antirrazismoa. Eta nik uste “borroka hau ez da nire kontua” pentsatzen dutenek eguneroko horretan, euren inguruan gertatzen den horretan arreta jarriz ikusi dezaketela euren borroka ere badela.

Gogoeta asko eta ekintza gutxi ikusten duzu aktibismoan?

Hori da dugun arrisku handietako bat. Ezagutza antirrazistan aurrerapauso handiak ematen ari gara, baina horiekin batera aurrerapausoak behar ditugu pertsona migratzaile eta arrazializatuen baldintzetan. Hori baita azken helburua, gure bizitzak hobetu daitezela. Ezagutza ekintza bihurtu behar dugu, gauzak egin behar dira eta lorpenak behar ditugu, bestela frustrazio oso handia sortuko da: gizarteak gero eta azkarrago identifikatuko du arrazakeria, baina errazago ikusiko du baita ere ez dela aurrerapen errealik egin.

"Jende zuri askori gertatu zaiona da borroka antirrazistan lidergo postua kendu zaionean erabaki duela ez duela zer eginik borroka horretan, eta horrek ez du gauza onik esaten jende horretaz"

Aktibismo akademikoegia du hizpide Lucía Mbomíok zure liburuaren hitzaurrean.

Nire helburuetako bat da antirrazismoa herrikoia izatea, mainstream izan dadila eta ohiko solasaldien parte izatea, ez dadila izan soilik bazterrekoen eta aktibisten gaia. Hizkuntza akademizista, gainera, presarik ez duen jendearen mesederako da, lasai har dezaketenentzat, akademiaren erritmoa geldoa delako, eta herrikoi bihurtzeak egiten du presioa eta urgentzia handiagoa izatea. Migratzaileak Atzemateko Zentroen egoera txarrari buruz hiru urte iraungo duen txostena egitea baino eraginkorragoa da herritarren presio etengabea kalean, zentro horiek behingoz ixteko eskatuz.

Borroka honetan erraminta indartsua izan daiteke enpatia. Liburuarekin nahi izan duzu jendea gai izatea zure lekuan jartzeko.

Nire ustez, justizia sozialaren alde egiten duen pertsona ororen baitan dago neurri batean enpatia, zuzenean eragiten ez dion arren gai delako bere egiteko sufritzen ari diren horien borroka. Garrantzitsua da hau guztia kolektiboki ulertzea, eta horretarako inportantea da gure artean hitz egitea, esperientziak partekatzea, elkar zaintzea… Liburuan nire historia kontatzen dut, batere glamourrik ez duen historia bat, baina horrexegatik jende askorentzat ispilu eta elkargune izan daitekeena.

Beste erraminta indartsu bat pedagogia da… baina zein nekagarria izan daitekeen etengabe pedagogia egiten jardutea, “ea, konbentzituidazu” jarrera duenari.

Halaxe da, eta ezin gara aritu jendearen galdera guztiei erantzuten, gure ezagutza antirrazista zabaltzen ari garelako dagoeneko, nahi duenak eskuratzeko (nire kasuan, liburu hau, sare sozialak, Youtubeko bideoak…). Pedagogia lan hau ez da doakoa: pedagogia egiten dugu ekintza antirrazista bilakatu dadin. Alegia, liburua idatzi dut nahi dudalako irakurtzen duena esnatu dadila, sistema arrazista honek deseroso sentiarazi dezala eta ekintzara pasa dadila. Kontzientziatzea baino gehiago, jendea aktibatzea bilatzen dut.

Pedagogiak, baina, ez du asko balio zenbait jenderekin, eskuin muturrekoak kasu…

Jende hau konbentzitu nahiak ez du ezertarako balio, balio duen bakarra da arrazakeriaren aurkako neurriak aurrera ateratzea: eskubideak denontzat eta bizitzak babestu. Eskuin muturrari erantzutea eta gezurrak desmuntatzen aritzeak ez du ezertarako balio, behin eta berriz desmuntaturiko gezurrek dirautelako urteak joan eta urteak etorri, eta hori da ezkerrak ulertu behar duena. Arrazakeriari berdin zaizkio egia, datuak eta ebidentzia zienfitikoa, arrazakeriak arrazakeria baino ez du behar handitzen segitzeko. Beraz, arrazakeria amaitzea da bide bakarra diskurtso arrazistari aurre egiteko: bazterketa egoerara kondenatuta dagoen jendearen bizitza aldatuko duten neurriak hartzea.

Ez dira eskuin muturrekoak bezain arriskutsuak, baina antirrazismoaren Mr. Wonderful direlakoek ere ez diote mesede askorik egiten borrokari.

Ez, itxura ona duten diskurtso politak planteatzen dituztelako, baina ez dute ekarpenik egiten. Pertsonen artean ez duzula kolorerik ikusten esatea oso polita da, baina arazoa ez da koloreak ikustea, baizik eta zergatik jokatzen dugun ezberdin azal kolore baten edo bestearen aurrean. Beste topiko bat, arrazakeria bidaiatuz sendatzen dela. Oxala! Eskuin muturreko jendea hegazkinetan bidaliko genuke hamar egun beste nonbait pasatzera. Errealitatea beste bat da, eta ezagutzan eta boterean dago oinarria.

Irakurri elkarrizketa PDF formatuan.