Hizkuntz Eskubideen Behatokiak jaso ditu kexak: bisita gidatuak gaztelania hutsean, eta sarrerako zerbitzuetan ere bai. Bitxia da kontua: baskoien mintzairaren hitzak dituela uste den brontzezko objektua ikustera joan... eta azalpenak gaztelaniaz. Kexek eragina izan dute, eta duela gutxi, museoa bisita gidatuak euskaraz eskaintzen hasi da. Gaztelaniazkoen kopurua handiagoa da.
Nestor Esteban joan den urteko abenduaren 29an hurbildu zen Nafarroako Museora familiarekin. Historiaurreko aretoan Irulegiko Eskua eta Loizuko Gizona ikusi nahi zituzten. Ez zegoen bisita gidaturik programatuta, baina bertako langile Oier Santamariak esan zien azalpen batzuk emango zituela. Euskaraz egin zien harrera, beti ere bere borondatearen arabera, ez baitago aurreikusita harrera euskaraz egitea. Alabaina, hara gerturatutakoak bildu eta bisita gaztelaniaz egin zuen. Estebanek aurreko txandan egondako bisitari bat ezaguna zuen eta hari galdetu zion ea haienean zein hizkuntza erabili zuten. Erantzuna berbera: gaztelania.
Hizkuntzaren kontua buruan zuela, ezustean, Estebanek Santamariaren mezu bat irakurri zuen sare sozialetan: “Irulegiko Eskua eta Loizuko Gizona bisitatu daitezke Nafarroako Museoan gaurtik aurrera. Bitartekaritza lanetan izanen nauzue han, zalantzak argitzen”. Jendea museora joatera animatzen zuen Santamariak. Estebanek erantzun zion ea euskaraz jasotzeko aukerarik egongo zen, eta Santamariak eskatu zien eskaera ofiziala eta babes herrikoia behar zituztela, alegia, museoko sarreran idatziz eskaerak egiteko.
Batak besteari ohartarazita Behatokian hainbat kexa jarri zituzten. Behatokiak, lehen ere, Nafarroako Museoarekiko kexak jasoak ditu, sarreran, leihatilan eta bestelako azalpenetan euskaraz egiteko modurik ez dutelako izaten bisitariek. Behatokiak Nafarroako Gobernura bideratu izan ditu. Agurne Gaubeka Behatokiaren zuzendariak azaldu digu haiei erantzuten dietela "pixkanaka aldaketak egiten dituztela".
Eta dirudienez, herritarren eskariek eragina izan dute. Esteban seme-alaben bidez ohartu da horretaz. Ikastetxean Irulegiko Eskua eta Loizuko Gizona bisitatzeko gonbidapena egin diete eta orduan konturatu da orain bisita gidatuak iragarri egiten dituztela (lehen ez bezala), ordutegiak zehaztuta, eta hizkuntza ere bai. Ostiraletik igandera hamar bisita egiten hasi dira eta horietatik lau dira euskaraz. Estebanek hala dio: “Hizkuntzen artean desoreka dago, baina orain behintzat euskaraz egin daiteke eta orain arte ez, ezta gida euskalduna izanda ere”. Argi dauka Irulegiko Eskua eta Loizuko Gizona euskaraz ezagutzeko aukera daukatela orain euskaldunak kexatu egin direlako, bestela ez zela halakorik gertatuko. Bitxia zitzaion hizkuntzaren inguruan ari den Irulegiko Eskua gaztelaniaz bisitatu beharra, kontuan izanda, gainera, bisitarien gehienak euskaldunak zirela, “euskaldun mordoa zegoen, euskaraz entzuten zen!”.
Sarreran gaztelaniaz
Sarrerako hizkuntza kudeaketaz edo kudeaketa ezaz ere, jaso dute kexa Behatokian. Museora haurrekin behin baino gehiagotan joan den erabiltzaile batek jakinarazi du sarrerako langileek ez dakitela euskaraz. Euskaraz dakien norbaiti deitzeko esan eta erantzuna: “Gaudenak gaude, ez dago inor...”. Sarrerak erosterakoan hala, eta jende-multzoen joan-etorriak antolatzen dituen langilearekin gauza bera gertatu zaio, gaztelaniaz egin behar. Erabiltzaile horrek dio, azkena joan zenean Historiaurreko aretoa bisitatzeko ilara luzea zegoela eta hainbat euskalki entzun zitezkeela.
Museoko lanpostu batek ere ez dauka esleituta euskara-eskakizunik. Gaubekak esan digu langileek euskara ez ezagutzearen inguruan hau erantzun izan dietela: “Kontuan izan behar dugu funtzionarioak direla eta ezin diegula hizkuntza-eskakizunik esleitu plazei. Euskaraz prestatzeko aukera dute, baina prestakuntza hori borondatezkoa da, ezin da inposatu”.
Zergatik ez saio gehiago euskaraz?
Ostiraletik igandera sei bisita dira gaztelaniaz eta lau euskaraz. Gaubekaren iritziz, gutxienez saio kopuru bera eskaini beharko luke euskaraz eta gaztelaniaz. Dena den, Behatokiaren zuzendariaren ustez, Irulegiko Eskua izanda erakusgaietako bat "euskara sustatzeko ekintza bezala saio kopuru handiagoa ere jarri zezaketen euskaraz". Gogorarazi du museoaren erabiltzaileek adierazi dutela batik bat euskara entzuten dela bisita horietan. Gaubekak galdetzen du zeren arabera erabaki duten sei saio gaztelaniaz egitea eta lau euskaraz.
Nafarroako Museoaren webgunean begiratuz gero, 6-4 proportzioa ere ez da ohikoa. Bi adibide ematearren, Ilargia uretan erakustetarako hemeretzi bisita daude gaztelaniaz programatuta, eta bederatzi euskaraz. Argi itzalak erakusketan, berriz, sei dira gaztelaniaz eta bi euskaraz. Nestor Estebanek gogorarazi du: euskaraz ere badago euskaldunak kexatu direlako. Gaubekaren ustez, Nafarroako Gobernuak eskaintza kulturala "euskaraz ere egiteko betebeharra izan beharko luke hasieratik. Herritarrak ibili behar dira beti eskatzen".