argia.eus
INPRIMATU
Loretik edan-jana
  • Baga: egutegiko udaberrian sartu garenez gero, egun argia gaua baino luzeagoa da. Biga: eguraldiaren batezbestekoa epeldu da. Higa: sasoiko eurite adiskideak urteroko bisita egin digu. Laga: lurra berotu da. 1+2+3+4= 10, ia-ia hamaika borobil amaigabea. Landareekin biribil-biribilik ez dagoenez, beraiek aztertzerakoan hamarretik hamaikakorako baga bakar baten tartea behintzat utzi beharko diogu zalantzari. Zalantza gorabehera, lau baldintza horiek bete direnean, landare askok eta askok loratzeko erabakiari heltzen diote, eta ekin.

Jakoba Errekondo 2022ko apirilaren 26a
Armiarma, ezkiaren lorean erlea ehizatuta daukala.

Elorri zuria (Crataegus monogyna) da horietako bat. Esaera zabaldua da elorri zuria loratu arte ez dela egiatan udaberria etorri. Loraldi horretatik atzera ez dela gehiago izotzik izango eta lasai landatu daitezkeela baratzean udako uzta emango duten landareak: tomatea (Solanum lycopersicum), piperra (Capsicum annuum), alberginia (Solanum melongena), kuia (Cucurbita pepo), kuaitxoa (Cucurbita pepo var. pepo), artoa (Zea mays), babarruna (Phaseolus vulgaris) eta abar. Ez dakit zer duen elorriaren loreak, jende gehienak ez du atsegin bere usaina baina makina bat intsektu polinizatzaile erakartzen du: erle, erlastar, liztor, euli, sirfido... Eta nola ez, horiek ehizatzeko zain izaten diren armiarmak; adibidez, Misumena vetia, thomise aldakorra eta karramarro armiarma. Karramarro, haren tankeran zeharka mugi daitekeelako esaten zaio. Thomisidae familiakoa delako thomise eta aldakorra polinizatzaileak ehizatzeko ezkutatzen den lorearen kolorea hartuko duelako.

Intsusa ere (Sambucus nigra) orain loratzen da. Lore horren usaina ere ez da erabat gozoa, arrea dela esango nuke; gozo puntta badu, baina baita gazitik eta mikatzetik ere. Toki hezetan ugaria da eta, usain nabarmena eta hostaje berri biziaren gainean lore handi zuri-laruzko loraldi bikaina duenez, urrutitik antzematen da non bizi den. Lorea multzo zabal zapaletan ematen du eta, horiek ere polinizatzaile ugariren bisitaleku izanik, haien ehiza plaza ederrak dira. Polinizatu eta ernaldutako loreak hazia bideratuko duen fruitua emango du. Intsusaren fruitu koxkorrak gero eta gehiago ikusten dira jakien osagarri. Gelatinak, marmeladak, dultzeak, edari freskagarriak, likoreak... Gozo puntu ederra dute eta kolore gorri ilun deigarriz margotzen dute guztia. Uda amaieran, heltzen direnean likorea egin nahi baduzu: litro bat uxualetan libra eta erdi fruta jarri beratzen, nahi izanez gero beste fruitu edo belarren bat gehitu; hilabetera iragazi eta litro erdi ur eta 100-250 gramo azukrerekin egindako karameloa erantsi.

Fruituei itxaron beharrik gabe orain lorearekin egin dezakezu freskagarri bikaina: ondo ixteko moduko 3 litroko ontzi batean sartu 6-8 lore eta zatitutako 3 limoi, 2 koilaratxo legamia fresko eta gehitu 2,5 litro uretan nahastutako 2 limoiren zukua eta 100 gramo azukre edo ezti. Gainean utzi hatz pare baten tartea eta itxi. Toki fresko batean eduki eta hirugarren egunean iragazi eta hozkailura. Esango didazu...

Lan horiek nekosoak bazaizkizu, errazago: infusioan edan edo frijituta jan. On egin!