argia.eus
INPRIMATU
Lorentxa Beyriek preso segituko du, prokuradoreak helegitea aurkeztu baitu
  • 24 orduko epea zeukan Frantziako Estatuko prokuradoreak, epailetzak Lorentxa Beyrie euskal presoa baldintzapean aske uzteko hartutako erabakiari helegitea jartzeko, eta ez du huts egin. Kanboko ETAko militantearen behin-behineko askapenaren aurrean zegoen esperantza zapuztu du.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko uztailaren 19a
Lorentxa Beyrie euskal presoaren askatasunaren aldeko ekitaldia, iragan ekainaren 21ean, Kanbon. Argazkia: Guillaume Fauveau.

Lorentxa Beyrie heldu den abuztuaren 1ean baldintzapean aske geratzea igurikatzen bazen ere, presoaren askatasun eskaeraren ebazpenak bulta luzeago batez itxaron beharko du.

Lorentxa Beyriek 18 urte daramatza preso Roanneko espetxean (Loire departamenduan). Kanbotik (Lapurdi) 683 kilometrora dago. Euskal presoa baldintzapean aske geratzeko eginiko eskaera ekainaren 21ean aurkeztu zen Frantziako Auzitegian.

Frantziako Justiziak Lorentxa Beyrie baldintzapean aske uztearen alde egin zuen, atzo. Alabaina Estatuko Fiskaltzak, hau da, prokuradoreak helegitea aurkeztu dio auzitegiaren erabakiari. Beraz, Beyriek ezin izango du espetxetik atera.

Lorentxa Beyrie hiru presondegitan egon da gaur arte: Fleury Merogisen, Joux la Villen eta Roannen. 2017ko abenduan baldintzapean aske geratzeko eskaera egin zuen azken aldikoz, eta 2013an eta 2016an aurkeztu zituen beste bi biderrez. Frantziako justiziak biak baztertu zituen. Oraingo honetan, atzo, justiziak onartu arren, Estatuaren prokuradoreak aske geratzeko aukera bertan behera laga du.