argia.eus
INPRIMATU
Lorentxa Beyrie preso politikoa askatu dute
  • Bihar egingo diote ongi etorri ofiziala Kanbon, eguerdiko 14:00etan. Bestalde, aste honetan lekualdatu dituzten preso politikoen berri eman du Etxeratek, eta Espainiako Espetxe Erakundeek beste hiru mugimendu iragarri dituzte.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 30a

2001eko abenduan atxilotu zuen polizia frantsesak Beyrie, Juan Ramon Karasatorre, Jose Ramon Lete eta Miren Orkolagarekin batera. 27 urteko espetxe zigorra ezarri zioten eta gaur utzi dute aske, 20 urte kartzelan eman ostean, zigor osoa beteta.

Hainbat aldiz eskatu du baldintzapeko askatasuna baina aldiro ukatu diote, azkena 2019an. Roanneko kartzelatik atera da gaur eta Euskal Herria iristean egin diote lehen harrera. Bihar egingo diote ongi etorri ofiziala, Kanbon, arratsaldeko 14:00etan, Suprefeturaren eta Kanboko herriko etxearen baimenarekin.

Bi Euskal Herriratze eta hurbiltze bat iragarrita

Espainiako Espetxe Erakundeek iragarri dutenez, bi euskal preso politiko ekarriko dituzte Euskal Herriko kartzeletara, eta bat hurbilduko dute. Aurken Sola Burgosko kartzelarik (215 km) Iruñekora ekarriko dute, eta Irkus Badillo, aldiz, Foncalentetik (745 km) Basaurira. Gainera, Badillo 3. gradura pasatuko dute. Bestalde, Mikel San Sebastian Murtzia II kartzelatik (820 km) Soriakora (260 km) lekualdatuko dute.

Mugimenduak

Etxeratek jakinarazi duenez, azken astean zenbait lekualdaketa ere egin dituzte. Fernando Elejalde Tapia preso donostiarra Puerto I espetxetik (1.020 km) Leoneko (370 km) espetxera eraman dute, Juan Carlos Besance Zugasti billabonatarra, Huelvako espetxetik (1.000 km) Dueñaseko espetxera (310 km), Garikoitz Etxeberria Goikoetxea lizartzarra ere Sevillako espetxetik (990 km) Dueñaseko espetxera (310 km) lekualdatu dute. Lezoko presoa den Lorenzo Aiestaran Legorburu, Villenako (700 km) espetxetik Soriako espetxera (260 km) lekualdatu dute. Bea Etxebarria bilbotarra Aranjuezeko espetxetik (520 km) El Duesoko (170 km) espetxera eraman dute. Ordiziako Idoia Mendizabal Mujika, aldiz, Picassenteko espetxetik (600 km) Iruñeko espetxera ekarri dute.

Horrenbestez, Puerto I kartzelan euskal preso politikorik geratzen ez dela adierazi du Etxeratek.