Loreak ez dira guretzat eginak. Orain, udazkenean hain ugariak ditugun fruituak bezalaxe: horiek ere ez dira guretzat eginak. Landareek fruitua sortu eta hazten dute beregan doazen haziak hedatu eta bere espezieari eutsi eta etorkizuna emango dioten norbanako berriak jaio daitezen. Guk haziaren bide horretan esku hartu eta sartu eta fruitua jan edo zukutu egingo dugu, agian hazien zabalkundean lagunduz.
Fruitua, edozein, loreak ekarriko du. Lore izan ez den fruiturik ez da. Bada, ordea, lorerik ematen ez duen landaretik. Likenak (auka, goroldio zuria…) eta goroldioak duela 500 milioi bat urte sortutakoak dira; ugaltzeko ez dute lorerik erabiltzen, esporak baizik, perretxikoen eran. Geroxeagokoak dira garoak; horiek ere esporak dituzte ugalbide. Duela 300 milioi bat urte lehen landare loredunak agertu ziren. Lehen lore bakun haiek haizea behar zuten polinizazioa gauzatzeko. Lore arrak eta emeak landare berean bereizita daude, eta haizeak eramango du arraren polena emearenganaino. Haizeak nondik joko duenaren menpe egonik, polen kopuru ikaragarriak sortzen dituzte. Taktika hori dute koniferoek, baina baita hurritzak (Corylus avellana), haritzek (Quecus spp.), pagoak (Fagus sylvatica), urkiek (Betula spp.) eta abarrek ere. Ikusten zailak diren loreak dira, eta lore arrak gerba zintzilikarioak, haizetan polena banatzeko.
Gerora mundua erabat aldatuko zuen mudantza gertatu zen: bero latzak etorri ziren. Loreetako polena eta aieka emea lehortu eta erre gabe babesteko orain ezagutzen ditugun loreak sortu zituzten landareek. Estrategia berria: loreak petaloz, sepaloz, eta abarrez babestea. Babeste horrek haizeari protagonismoa apaldu zion, ezin behar bezala bere lana egin; eta ordezkoak topatu behar izan zituzten: dagoeneko inguruan zebilkizkiten intsektuak. Intsektuak loreetara erakartzeko ikaragarrizko jaialdiak antolatu behar izan zituzten: usaina, intsektua bikote bila hasten denean arrakasta izaten lagunduko diona; kolorea, urrutitik ikusteko modukoa, baita eguzkiaren beroa jasoko dutenak ere (zuria eta horia, batez ere); sariak, “txerrimunik ordainetan” alegia, polena eta nektarra intsektuak elikatzeko. Batzuek hegaztiek polinizatzea nahi dute, eta tutu antzeko lore luzeak dituzte. Bestetzuk gauez loratzen dira, sitsek eta saguzarrek poliniza ditzaten. Eta, berriro diot, loreak ez dira gure gozamenerako eginak.
Lan horiek denak, landare bakoitzak munduan utzi nahi duen arrastoa gauzatze bidean jartzeko. Izan ere landare bakoitza, ez espezie baizik eta norbanako bakoitza berezia da; bakoitzak bere launa amona eta aitona ditu eta bere kastak irautea nahi du. Bere lore emetik fruitua oparo eman eta arretik polena ahalik eta modu eraginkorrenean hedatu, beste lore eme ugari polinizatzeko. Bere geneak gerora ere izan daitezen nor.
Gero etorri zen pertsona modernoen “espeziea”, gurea, duela 200.000 urte baino gutxiago. Eta kastari eusteko landareen sena ihakindatu genuen, eta dugu.