argia.eus
INPRIMATU
Loreak sosen usainean

Jakoba Errekondo 2020ko abenduaren 23a

Udazkenetik negurako urrats ttikia igaro berria dugu. Aro dotore, koloretsu, alai eta gozotzat dugu udazkena, baina benetan, eguna joan eta eguna etorri, argi orduak moztu eta giroa hoztu besterik ez du egiten udazkenak. Negua txatxuagotzat dugu: hotza, hezea, elurra, iluna, beltza bezalako hitzak datorzkigu bera definitzerakoan.

Bi aroek antzeko izakera dute, uztarrirako modukoak dira. Egun argiaren luzeroan berdinak dira, baina hotza da aldea. Baten ondoren bestea etortzeak hura txartzen du, negua alegia.

Bien arteko zubilana egiten duen abenduari negu-hila esaten zaio eta udazkenak badu negu-lehen izena ere. “Betikoak” diren gauza guztiekin bezala, aroen banaketa berrikusi beharko genuke, eta hizkera berria mingainetan listuz busti. Hona proposamena: udaberria, uda, negu-lehena eta negua.

Negua udazkenean hasten dela landare askok dakite. Negu-neguan eta udaberriaren hasmentan loratuko direnak, adibidez. Gehiegizko beroak eta argitasunak ez dituzte maite, eta urteko egun motzenek bere baitan dituzten bi aroak baliatzen dituzte bere zikloa burutzeko: jaio, hazi, heldu, loratu eta hazia hedatu.

Badira urteko egun motzenekin, orain, lorea ematea erabakitzen dutenak. Orain erabakia hartu, eta sustrai-enbor-adar-azal dituzten energia guztiak haziak ekarriko dituen fruitua emango duen loretara bideratuko dituzte. Eta udaberriaren freskuran eder-eder ageriko dira, umegintzan.

Udaberrian lore eder ugari dago, bateko eta besteko landareetan. Baina orain? Urteko egunik motzenetan, neguko solstizioan loretan dauden landareak urriak dira, ia bat ere ez. Baina txoroaldia orain izaten dugu, neguberri on, opor usaina eta noiz (non-nola) bizi garen jakiteko egutegiaren beharra dugunontzako urte berriari ekiten diogun sasoian. Eta garrantzitsuena dena, larriena esan beharko nuke, patrika betea dugu. Harrotu egiten gara.

Usain hori hartzen dute loregileek eta, gainontzeko saltzaileek bezala, paga gehigarriko sosak bereganatu egin nahi dituzte. Eta asmakizun dotorea ekarri dute: poinsetia edo pazko lorea, Euphorbia pulcherrima. Badirudi ez dela solstizio jairik bera gabe. Asmakizun ona da: hostaje gorri deigarria, lantzen erraza eta merke samarra.

Asmakizuna da bai. Berez udaberrian loratuko litzateke, eta loreak bilduz babestu eta polinizatzaileak erakartzeko inguruko hostoak berdeak izan beharrean gorriz janzten ditu, urrunetik ere ikusgarri. Egun, ehun koloretako barietateak ditugu eskura: gorria, zuria, arrosa, borgoña... Gehien saltzen den lorea da.

Behartu egiten dira sasoi honetan lore betean izan daitezen. Uda amaieran eguneko ordu batzuk kendu eta ilunpetan jartzen dira. Negua etorri dela uste eta lorea emateko bideari ekiten diote: orain, benetako neguan eta ez udaberrian, loretan ditugu. Hurrengo neguan patrikari begiratu nahi badiozu, orain ondo zaindu eta zer egin behar duzun badakizu txoratzen gaituzten jai hauetan birloretan izatea nahi baduzu.