argia.eus
INPRIMATU
“Loreak”, film onenaren Goya sarirako hautagai
  • Espainiako Estatuko zine akademiak urtero banatzen dituen Goya Sarietan leku garrantzitsua izango du Loreak euskal filmak. Lehen aldiz, euskaraz errodaturiko lan bat pelikula onenaren sarirako hautagai izango da, beste lau lanekin batera.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2015eko urtarrilaren 07a
Nagore Aranburu aktorea da filmaren protagonistetako bat.

El Niño, La isla mínima, Magical Girl eta Relatos Salvajes izango ditu lehiakide Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien azken lanak.

Horrez gain, musika original onenaren sarirako ere hautatu dute Loreak, Pascal Gaignek egindako doinuengatik. El niño, La isla mínima eta Relatos salvajes dira beste hautagaiak.

Lore-sorta anonimoak protagonista dituen lana Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu zutenetik, ibilbide arrakastatsua egin du: laudorioak jaso ditu kritikaren aldetik, nazioarteko jaialdietan hartu du parte (saririk ere jaso dute aktoreek) eta harrera oso ona lortu du aretoetan.

Zuzendariek kontatu ziguten moduan, "gure egunerokoan elementu berri bat sartzen denean, begiradaren baitan dago sortzen duen erreakzioa: mehatxua batzuengan, ilusioa bestetzuengan… Elementuak berak ez du esanahirik, baina pertsonaia bakoitzak, bizi duen testuinguruagatik edo dena delakoagatik, bere sentimenduak eta beldurrak ipintzen ditu elementu horretan. Pelikulan, mihise zuria dira loreak, norberak esanahiz betetzeko zain".

Bestalde, Karra Elejalde gasteiztarrak ere bigarren mailako aktore onenaren garaikurra jaso dezake, 8 apellidos vascos pelikulan antzezturiko pertsonaiagatik; Ricardo Ramón eta Beñat Beitiaetaren Dixie eta matxinada zonbia animaziozko lanen kategorian lehiatuko da; eta Laudioko Kepa Sojok zuzendu duen Loco con ballesta berriz, hautagai da komediazko film laburren kategorian.

Informazio gehiago:

Irakurri Gorka Bereziartuak filmari Argian egindako kritika: Begiekin usaintzekoak.