Lorea Agirre izango da Jakin aldizkariko zuzendari berria. Hernaniko Orona Ideo Berrikuntza Gunean egin duten aurkezpenean, 14 pertsonako zuzendaritza berria publiko egin dute. Joan Mari Torrealdaik "etenik gabeko erreleboa" ematearen garrantzia azpimarratu du.
Orain 58 urte sortu zen aldizkarian belaunaldi aldaketa egingo dute. Ondorengoak ariko dira proiektua zuzentzen: Haizea Barcenilla, Harkaitz Cano, Idurre Eskisabel, Patxi Juaristi, Joanmari Larrarte, Maialen Lujanbio, Imanol Murua Uria, Andoni Olariaga, Olatz Osa, Gexan Sors eta Eguzki Urteagak. Joan Mari Torrealdai Jakin Fundazioko lehendakari izango da, eta Xabier Eizagirre erredaktore buruz.
Hiru aldaketa nagusi izango ditu proiektuak. Batetik, Jakin Fundazioa sortzea eta orain arteko materiala bertan jasotzea. Bigarrenik, webgunea indartzea. "Bizirik eta gaurkoturik mantenduko bagara, analogikoaren kadentzia edo maiztasuna geldoegi geratu zaigu". Eta hirugarrenik, proiektua gidatuko duen talde berria eratzea.
Informazio gehiago:
Berrian Juan Luiz Zabalak egindako elkarrizketa Joan Mari Torrealdairekin: "Poztekoa da herentzia hain esku onetan uztea, krisirik eta etenik gabe"