argia.eus
INPRIMATU
Loratu ala hil. Loratu eta hil
  • Noizbait. Noiz izan ote zen? Noizbait landareren batek lorea egitea erabaki zuen. Bai, bai, landareek ere erabakiak hartzen dituzte, eta guk maiz ez bezala, erabakiak bete egiten dituzte. Eta loreak sortu zituzten.

Jakoba Errekondo 2025eko martxoaren 10
Banbuek ehunka urte egin ditzakete loratu gabe eta loratu ostean hil egiten dira. Tony Rodd / cc by-nc-sa-2.0

Ez asko arte, uste zuten lehen landare loredunak duela 140 milioi bat urte sortu zirela. Garai bateko gure aurreko baleazaleek ederki ezagutzen zuten uharte enblematiko batean, Norvegiako Svalbard uhartediko Spitsbergenen topatu dituzte, baina, 100 milioi urte inguru lehenago ere bazirela erakusten duten aztarnak, Erdi Triasikoan, alegia. Gerora antzeko trazak topatu dituzte Suitzan. Bi aurkikuntzak Zuricheko Unibertsitateko Susanne Feist-Burkhardt eta Peter Hochuli irakasleen lanaren emaitza dira. Egundo ez dute topatu landare loredunen garai modutsu haietako fosilik. Aurkitu dituztenak polen aleak dira. Eta polenik bada, loreak ez dira urruti. Samur, hauskorra izan lorea, eta ezin kontserba… Baina lasai, gutxiena uste dugunean aurkeztuko digute garai hartako loreren baten fosila. Oraingoz, polen aleekin etsi behar.

Garai hartan bi gune horiek klima subtropikaleko eremuak ziren, baina baldintza oso bestelakoak zituzten: bata hezea zen eta bestea lehorra. Ondoriozta daiteke landare loredunak baldintza ekologiko askotarako prest zirela. Eta mundu honen, Lur osoaren, kolonizazioa abiatu zuten. Loreek bektoreak behar zituzten batetik bestera polena eramateko eta polinizazio sindromea edo lore sindromea deritzana etorri zen: nola erakarri intsektu edo dena delako bitartekari egokia. Garai hartan lore handiak eraikitzen zituzten, artean erlerik ez zen-eta, kakalardoek ernaltze lana behar bezala egin zezaten.

Harrezkeroan milioika landare loredun garatu da eta bakoitzak bere bidea jorratu du. Ez loregintzan soilik. Batzuek erabaki zuten egun gutxi batzuetan jaio, hazi, loratu, haziak eman eta hiltzea: errefautxoak, adibidez, bizitza oso baten bide hori 50 bat egunetan osatzen du; sasoi bakar batekoak edo urteko landareak esaten zaie. Beste batzuek bi sasoi edo urte behar dituzte, biurteko esaten zaie, eta lehen urtean hazia erne eta landarea haziko da, eta bigarrenean loratuko da eta fruituak eta haziak emango ditu. Hirugarren kuadrilla batekoak bizikorrak dira: bere zikloa osatzeko hiru urte edo gehiago behar dituztenak; adibidez, milaka urte bizitzeko gai diren zuhaitzak.

Lagunarte horretakoek, bizitza tarte horretan, loratu eta fruituak eman eta haziak zabaltzea urtero edo zenbait urtetik behin egingo dute. Sagarrondoarena (Malus domestica) bi urtero izango da, bai-urtea edo baialdia eta ez-urtea edo ezaldia. Pagoak (Fagus sylvatica) 4-8 urteko tartearekin izaten du bai-urtea. Horiei “polikarpiko” esaten zaie.

Badira monokarpikoak ere. Bitxiak egiten zaizkigu: urteetan bizi, hazi, handitu eta behin loratzea erabakitzen dutenean loraldi hori ekarri, fruituak eta haziak eman eta hil egiten dira. Loratzea hiltzea da. Loratuz bere buruaz beste egin. Bere buruaz lore egin. Horietako batzuk baditugu gure artean. Euskal Herri lehorrean bizi den agabe mexikarra da bat (Agave americana). Euskal Herri hezean ezagunenak, ehunka urte loratu gabe bizi daitezkeen banbuak (Bambusa spp.); izan ere, ikusi al duzu sekula banbuaren lorerik? Ba inoiz loratuta ikustea egokitzen bazaizu, gogoan izan, bere buruaz lore egiten ari da. Bizitakoa urtetsua izanik, hiltzeko lotsarik gabe.