argia.eus
INPRIMATU
Loraldiaren bosgarren edizioak euskal kulturaz beteko du Bilbo
  • Astearte goizean aurkeztu da Loraldia Festibalaren bosgarren edizioa, "Sentikariz blai!" lemapean.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 26a
Kultur ekitaldiz beteriko egitaraua aurkeztu du Bilboko Loraldiak.

Loraldia Festibalaren bosgarren edizioa martxoaren 12a eta apirilaren 7a bitartean ospatuko da. 22 egunetan, diziplina artistiko guztiak, bost produkzio berri eta erabateko estreinaldiak eskainiko ditu. Bilboko 12 gune euskal kulturaren plaza bilakatuko dira.

Edizio honek euskal kulturako zenbait erreferente izango ditu gogoan, Joseba Sarrionandia eta JosAnton Artze, besteak beste.

Iurretako idazleari dagokionez, haren unibertso poetikoan oinarrituta, martxoaren 15ean, Arriaga Antzokian estreinatuko da Kalaportu: Joseba Sarrionandiaren lurralde poetikoa kantuz ikuskizuna. Euskal musikako hainbat aurpegi ezagunek parte hartuko du, besteak beste: Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, Ines Osinaga, Miren Narbaiza, Rafa Rueda, Dana, Joseba Irazoki & Beñat Axiari, Audience, Harkaitz Cano eta Uxue Alberdi.

Artze berriz martxoaren 20an omenduko dute, Txakur Gorria kolektiboaren H-Artzetik: poesia musuzapietan ikuskizunaren bidez. Antolatzaileen esanetan "eskertze keinu xume bat" izango da, iaz utzi gintuen poeta gogora ekartzeko.

Loraldia ez da ibilbide luzeko sortzaileak bakarrik kontuan hartzen dituen festibala ordea. Horren lekuko, aurtengo programazio zabala. Udaberriaren etorrerarekin bat eginez, ia egunero izango da kultur ekitaldiren bat Bilbon. Loraldia.eus webgunean ikus daiteke aurtengo egitaraua osorik.