argia.eus
INPRIMATU
Loraldia, gozamena eta eromena
  • Egun argiak mozteari ekin dio, nabarmena da. Lurrak eguzkiaren bueltan egiten duen dantzan landareentzako erabakigarriena den zikloa osatzen du: gure egutegiaren urtearen lehen erdian eguna luzatzea eta bigarren erdian eguna moztea. Abiatu berria da laburtze hori.

Jakoba Errekondo 2021eko ekainaren 24a

Landareentzako mugarria da eguna luzatzetik mozterako kereta hori. Ez nolanahiko mugarria, arta mugarria, janariaren mugarria, alegia. Eguna mozteak negua badatorrela adierazten du eta ordurako lanak aurreratu beharraz jabetzen dira landareak. Batez ere bere bizitza urtearen barruko zikloan osatzen dutenak. Loraldi nagusiak izan dira edo oraintxe daude furialdian. Udazkenean edo neguan hil aurretik lore horietan fruituak osatu behar dituzte, haziak daramatzaten fruituak, bera bezalakoak, bere izerdikoak izango diren landare berriak sortuko dituzten haziak.

Guk animaliok geure odolekoa bezalaxe, landareek bere izerdiko berriak sortu nahi dituzte, bere kasta, bere enda, bere leinua, bere familia gal ez dadin. Guk landareei begiratzen diegunean denak berdinak, berdin-berdinak direla iruditzen zaigu. Ezta gutxiagorik ere! Hemen ere gure moduan bakoitza bat eta bakarra da. Belaze bati begiratu eta imagina ezazu: horko belar bakoitza zu eta zure ingurukoak bezala bat eta bakarra da. Horri, bereizketa horri eutsi nahi dio bakoitzak bere haziak hedatzean.

Haziak sortzeko bidean lorea da abiaburua. Lorea maiz ez da ikusi ere egiten, eta beste askotan ikusgarria da, usaingarria da, nabarmena. Gure inguruan nahi dugun landare asko horrexegatik jartzen da, edertasunagatik. Bere lorearen edertasuna gozatu nahi dugu. Edertasuna. Izan ere, edertasun ttantta bat asko da, asko eta bost.

Arrosondo bat (Rosa spp.) lorez gainezka ikusten dugunean ahazten dugu landare horrek bere amonaren amonaren amonaren bidetik ondutako izaerari eta genetikari eusteko eta hobetzeko biribildu dituela kolore, forma eta usain apartekoak dituzten artelan horiek. Ahazten dugu loreak fruitua emango duenik, horretarako bertan sexuen elkartze zalapartatsua gertatu behar duenik, intsektu polinizatzaileek beste loreren baten polen arra ekarriko duenik, ernalketa gauzatuko denik, aitaren eta amaren izaerak hibridatu eta sekula izan gabeko berri bat sortzeko mirakulua hazi bakoitzean gertatu behar duenik. Hori dena du gogoan arrosaondoak.

Guk arrosa soilik nahi dugu. Bere gogo guztiak ahaztu ditzala eta etengabe loreak emateko esklabu bihurtzen dugu, gure gozamenerako. Ahaztu zure amonak, ahaztu zure kasta eta eman soilik loreak; loreak eta loreak.

Horretarako teknika berezi bat dugu: loreak zimeldu ahala ebaki eta erauzi amari fruitu eta hazi bilakatuko liratekeen eme ernalduaren zatiak. Ama erotu egiten da, fruiturik ezingo du sortu eta bere kemen guztiarekin lorea eman eta lorea eman arituko da. Ingelesek deadheding “ihartutako burua moztea” esaten diote teknika horri. Guretzako lore ihartua da, arrosaondoak bere ondorengoak sortzeko muina du, eta galdu egin du. Bata bestearen atzetik galdu. Erotu? Erotu beharko!