Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusi ohiak esan du "hitz egin daitekeela" EAJk “Euskadiren nazio izaera” aitortzeko egindako planteamenduari buruz.
Lopezek esan du Espainiako Konstituzioa aldatzen bada, posible dela Euskadiren nazio izaera aitortzea. Europa Pressek jaso ditu Radio Euskadin egindako adierazpen hauek.
Andoni Ortuzar EBBko buruak Sabino Aranaren heriotzaren 111.urteurrenean egindako adierazpenei erantzun die horrela EAEko lehendakari ohiak. Ortuzarrek esan zuen Konstituzio aldaketa orok Euskadiren nazio izaera aitortu beharko lukeela, osterantzean, EAJk ez duela ezer jakin nahi.
Espainiako Estatuan antzeko aitortzak egin izan direla gaineratu du Lopezek: “Gaur egungo Estatutu batzuetan badaude halako aitortzak, esaterako Andaluziakoaren kasuan Andaluziako errealitate nazionalaren gainean hitz egiten da”.