Axier Lopez ARGIAko kazetaria Nafarroako Legebiltzarrean izan da Mozal Legearen ondorioz jasotako isunaren berri ematen. Lege honek kazetaritzan eta herri mugimenduen jardueran dituen ondorioak azaldu ditu.
Lan saioa EH Bilduren eskariz egin da eta foru gobernua babesten duten alderdien sostengua ere izan du: Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerra. PSN ere lan saioan izan da eta UPN eta PPko ordezkariak ez dira agertu. Saioa hasi eta berehala Ana Beltrán PPko parlamentariak aretoko atea ireki du, ikusi du nortzuk ziren barnean eta ez da sartu. “UPNkoak ez daudenez, ez da sartu”, aipatu dute saioaren amaieran hainbat parlamentarik.
Lopezek eskerrak eman dizkio Nafarroako Legebiltzarrari ARGIA bertan egoteko aukera emateagatik. Isuna nola iritsi zitzaion azaldu du grafikoki ongi prestatuko ikus-entzunekoarekin. Lehenago Ahotsa.info-ri egindako mehatxua eta ARGIAri jarritako isuna ez direla kasualitateak eta, besteak beste, kazetaritza independentea zigortu nahi dela aipatu du. ARGIAk isunaren aurrean helegitea jarri duela, ez duela ordainduko eta Mozal Legea desobeditzeko hamaika arrazoi daudela azaldu du.
Mozal Legearen hainbat alor aipatu ditu ondoren: legeak indefinizio maila handia duela eta poliziari arbitrariotasunez aritzeko aukera ematen diola; epaileak ez duela partehartzen eta, beraz, babesgabe uzten duela kazetaria eta herritarra; eta funtsean, legea injustua dela, giza eskubideak urratzen dituelako, besteak beste, adierazpen askatasuna eta informazio eskubidea. “601 euro ez da asko –azaldu du Lopezek–, baina honen atzean dagoena oso larria da”. Horregatik, Mozal Legeari “erantzun kolektiboa” eman behar zaiola azpimarratu du.
Zigorraren larritasuna azaltzeko, Euskal Herrian, Estatuan eta mundu mailan kasu honek izandako oihartzun handiaren berri ere eman du. Mundu mailan The Guardian, The New York Times, Mugarik Gabeko Erreportariak edo Prentsaren Nazioarteko Institutuak emandako oihartzuna jarri ditu nazioarteko zabalkundearen adibide gisa.
PPren salbuespenarekin, Euskal Herrian ere instituzio askok eta alderdi gehienenek isun hau arbuiatu izana ere esanguratsua dela aipatu du Lopezek. Gero EH Bilduko Bakartxo Ruizek gogoratu du UPNk ere PPrekin bat egiten duela Mozal Legearen kasuan. Sostengu hori guztia eskertu du Lopezek eta Mozal Legearekin amaitzeko hori ezinbestekoa dela, baina aplikatu ez dadin urrats gehiago eman behar direla eta hiru eskari egin dizkie Nafarroko Legebiltzarreko ordezkariei:
Bat, kazetaritza egitea eta adierazpen askatasuna delitu bilakatu nahi dituen Mozal Legearen aurkako jarrera publikoki adieraztea; bi, Lege honen aplikazioa berriz ematekotan, salaketa publikoa egin eta zigortuari babesa adierazteko konpromisoa; eta hiru, Nafarroako Legebiltzarra lege horren aurka egonik, Nafarroako Gobernuak Mozal Legea ez aplikatzeko konpromisoa bere egitea.
Nafarroako Parlamentua berriz ere Mozal Legearen aurka
Lopezen ondoren, EH Bilduko Bakartxo Ruizek hartu du hitza eta ARGIA eta Lopezi sostengua adierazi eta gero, gogor gaitzetsi du UPN eta PP lan saiora ez agertzea. Geroa Baiko Maria Solanak ere taldearen elkartasuna agertu die astekaria eta Lopezi. ARGIA eta Ahotsa.inforen aurka egitea ez dela kasualitatea adierazi du eta astekaria zoriondu du kasu honetan egindako lanagatik eta lortutako oihartzunagatik. Bukatu du esanez, bide horretan jarraitu behar dela.
Podemoseko parlamentari Rubén Belascok gogor salatu du Mozal Legea eta bereziki azpimarratu du bere arbitrarietate maila, poliziaren esku uzten duelako zigorrak jartzeko aukera. Tinkoa izan da: “Gu gobernura iristen bagara, bertan behera utziko dugu”.
Izquierda-Ezkerrako Jose Miguel Nuinek aurrekoen bide beretik jo du elkartasun adierazpen eta legearen salaketari dagokienez: “Krisiari aurre egiteko gizartean protesta baketsu indartsua sortu da, eta horri erantzunez atera da lege hau”. Eman beharreko erantzunari dagokionez, Nuin zehatza izan da: “Bide baketsuetatik egiten bada, desobedientzia eskubide demokratikoa da. Isun hau dela eta gure sostengua duzue”.
Agian ezustekorik esanguratsuena, PSNko ordezkari Inma Jurioren aldetik etorri da. Ezaguna da PSOEk Mozal Legearen aurka duen jarrera, baina baita bera bazterreratzeko duen indefinizio maila ere –C’s-ekiko akordioan argi ageri dena–. “Legea susmoetan oinarritzen da –zehaztu du Juriok–, poliziari botere gehiegi ematen dio eta disidentea zigortu nahi da”. Amaitu du esanez, kasu honetan desobedientzia bide bat dela eta espero duela hasitako bide administratiboak ARGIAri arrazoi ematea.
Lan saioaren amaieran, Axier Lopezek egindako hiru eskariak gogorarazi ditu eta eskerrak eman dizkie talde parlamentarioei Nafarroako Legebiltzarrean azalpenak emateko eskainitako aukeragatik.
(Nafarroako Legebiltzarreko bideo honetan jarraitu daiteke lan saio osoa)