Oñatiko antzoki eta aretoak bete eta herrian arrakasta handia izan ostean, Euskal Herriko txoko gehiagotara zabalduko da Lope Agirre konkistatzailearen film "zoroa". Hurrengo emanaldiak, Gasteiz, Durango, Arrasate, Donostia, Bergara eta Eskoriatzan izango dira.
Zazpi urtez Euskal Herriko hainbat txokotan laburmetraiz-laburmetrai ibili ostean, Oñatiko LPM taldeak sortu duen LOPE filma ikusteko aukera gehiago izango da gaur Gasteizko Errekaleor gaztetxetik hasita. Urtebeteko lana izan den eta talde gisa inoiz egin duten lanik luzeena burutzeko, herriko 70 antzezle eta 20 teknikariren laguntza behar izan dute.
Filmean herrikide duten Lope Agirre konkistatzaile ezagunak 2019ko Udal hauteskundeen atarian herriaren independentzia berreskuratzeko asmoz, Oñatira egingo duen itzulera kontatzen da. Horretarako, Lopek 1561ean burutu zuen El Dorado espedizioan bizitako abenturak eta Espainiako errege Felipe II.ari idatzi zion gutuna ekarriko dira gogora.
Taldekideen esanetan, istorio dibertigarri, pikante eta zentsura gabekoa egiten saiatu dira eta pasarte historiko erreal batean oinarriturik, “fikziozko pelikula zoro bat” atera dutela adierazi dute.
Lope ezik beste pertsonaia guztiak asmaturikoak dira eta Oñatiko Gaztetxea izan dute “grabaketa zentro”, barruko sekuentzia gehienak bertan egin baitituzte.
Trailerra ikusi: