argia.eus
INPRIMATU
Lope Agirre berpiztu zutenekoa
  • Lope Agirre zenari buruzko fikziozko film herrikoia egin zuten iaz Oñatin. Urtarrilaren 1az geroztik, sarean dago ikusgai, eta, aitzakia baliatuta, Anjel Lera zuzendariarekin hitz egin dugu.

Danele Sarriugarte Mochales 2019ko urtarrilaren 08a
Lope Agirreri buruzko filmaren fotograma bat.

Lope film herrikoia estreinatu zuten iaz Oñatin, Lope Agirre zenari buruzko fikziozko filma. LPM taldeak osatu du lana, hainbat herrikiderekin elkarlanean. Hauxe dute lehen film luzea; aurrez, film laburren rallytan jardun dira, hainbat herritan. 2018ko udan grabatu zuten lana, bi asteburutan, eta urriaren 27an estreinatu zuten, herrian bertan.

Pertsonaia polemikoa

Lope Agirre: maite duzu? Ala gorroto? Heroia da? Ala traidorea? Pertsonaia polemikoa eta deserosoa dugu, dudarik gabe, Oñatiko semea.

Wikipediaren arabera, esploratzaile eta konkistatzaile oñatiarra izan zen Lope Agirre. XVI. mendearen hasieran jaio zen, Araotz auzoan, eta 50 urte eskas zituela hil zen, handik urrun, Venezuelan, Espainiako erregearen aurka matxinatu ostean. Lehenago eginak zituen zenbait konkista bidaia Hego Amerikako lurraldeetan, eta orduko hartan, 1560-1561 bitartean, El Doradoren bila zihoan espedizio batean. Espedizioaren buru Pedro Urtsua hil zuen; ondoren, espedizioaren gidaritza hartu eta gutun bat idatzi zion Espainiako erregeari, matxinatu zela adierazteko.

El Dorado, 2019ko udal hauteskundeetara ekarria

Anjel Lerak, Lope filmaren zuzendariak, 2005ean irakurri zuen estreinako aldiz Agirrek erregeari bidalitako gutuna, eta, kontatu digunez, “zirrara handia” sortu zion: “Orokorrean, jendeak gauza gutxi daki Loperen inguruan, eta dakiena da Espainiako monarkiak mendeetan zehar berari buruz esan duena: hiltzaile, zoro, psikopata eta traidore bat zela”.

Filma osatu duten kideek, ordea, buelta eman nahi izan diote kontakizun horri eta “Loperen alde iraultzailea” erakutsi nahi izan dute. “Filmaren helburu nagusia izan da pertsonaia eta eskutitza ezagutzera ematea”. Eta, horretarako fikzio “zoro” bat sortu dute.

Homonimiak piztu zuen metxa: “2018ko urtarrilean ohartu nintzen XVI. mendeko eta gaur egungo Espainiako erregeen izena berdina zela. Hari horri tiraka, 1561eko espedizioa eta Lopek erregeari idatzi zion eskutitza 2019ko udal hauteskundeetan txertatzea bururatu zitzaidan”. Beraz, jaioterrira itzuliko da fikziozko Lope, hil eta bostehun urte ingurura, eta marañonen taldea osatuko du, independentzia lortzeko asmoz. Argumentu horren bidez, kritika politikoa eta umorea uztartu dute filmaren egileek.

Auzolana oinarri

Film herrikoia dela esan dugu, izan ere, auzolana izan du Lopek oinarri. Guztira, ia ehun lagunek hartu dute parte: 70 antzezlek (guztiak herrikoak edo bertan bizi direnak) eta beste 20 lagunek alor teknikoan. Oñatiko hiru marrazkilarik, gainera, ilustrazioak egin dituzte.

Estreinatu zutenez geroztik, hainbat tokitan eskaini dute lana, eta pozik daude harrerarekin: “Galdera eta komentario pila bat egin dizkigute, eta Loperen historia era atsegin eta dibertigarrian ezagutzeko balio izan zaiela ere aitortu digute”. Lehen helburua beteta, sarean jarri dute Lope, nornahik ikusteko eran. Izan ere, Lerak esan digunez, “historia Oñatin dago kokatuta, baina horrek ez du esan nahi oñatiarrentzako eginda dagoenik. Gure helburua da filma Euskal Herri osora hedatzea eta Loperen figuraren inguruko hausnarketa eta debate bat zabaltzea”.