Oñatiko ARTaso arte taldeak Lope Agirreren inguruko hamabostaldia antolatu du gaurtik hasi eta urriaren 26ra arte. Agirreren historia eta bizitza “aldarrikatu eta ospatzeko” asmoz.
Oñatiko kultur etxea gune nagusitzat hartuta, hitzaldiak, film emanaldiak eta erakusketa berezia antolatu dituzte. Erakusketan diziplina ugari uztartzen dituzten artelanak egongo dira ikusgai, egungo oñatiarrek Lope Agirre nola ikusten duten irudikatzeko.
XVI. mendean Amerikara El Dorado mitikoaren bila joandako konkistatzailea izan zen Lope Agirre. Espainiako Errege Felipe II.ri oldartu zitzaion eta horregatik “traidore” gisa hartua izan zen espainiar historiografian. Aitzitik, beste askorentzat iraultzaile eta heroi izan zen. 1563an soldadu espainiarrek exekutatu zuten Barquisimeton, egungo Venezuelako lurraldean.
Oñatin seme garrantzitsuenetakotzat dute, eta zenbait teoriak bertako Araoz auzoan jaioa zela diote. Aitzitik, Julen Arriolabengoak ARGIAn idatzitako artikulu batean auzitan jarri zuen Lope Agirreren sorlekua Oñati izan zenik eta Aramaiokoa izan zitekeela defendatu zuen.
Goienaren bideo-albistea erakusketaren inguruan: