Bigarren Hezkuntzan ez aplikatzea adostu dute PSOE, Podemos, CHA eta IUk. Lehen Hezkuntzan mantenduko dute, baina ebaluazioen arautegia ordezkatu egingo dute.
Aurreko Aragoiko Gobernuak onartua zuen Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculumari buruzko ordena suspenditzea erabaki dute lau alderdiok, horrela LOMCE aplikatzea eragotziko baitute. Gobernu inbestidurarako akordioak itxi gabe badaude ere, ekainaren 22an bildu ziren alderdi parlamentariootako diputatuak, eta LOMCE ez aplikatzeko adostasuna lortu zuten. Akordio hau uztailaren 13a baino lehenago betearazi beharko dute, egun horretan zabalduko baita matrikulazio epea. Formalki, Gobernu berriak onartu beharko du alderdiek hitzartutakoa, eta horretarako negoziazioetan erritmoa bizitzeko prest agertu dira PSOE eta Podemos.
Legearen barruan
Europa Press-ek zabaldutakoaren arabera, Podemoseko diputatu Erika Sanzek azpimarratu du "legaltasunaren barruan" jokatu dutela, "egiten ari garen guztia autonomien konpetentzia baita". Baita ere aurreratu du teknikoki eta juridikoki lantzen hasiak direla LOMCE Aragoin geratu arazteko moduak. Gogoratu arazi du legea "diskriminatzailea, segregatzailea eta injustua" dela, "PPk bakarrik babesten duena".