argia.eus
INPRIMATU
LOMCEren errebalidak: Jaurlaritzak oraindik ez daki egingo diren ala ez
  • Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua elkarrizketatu zuten asteazkenean Euskadi Irratian, eta LOMCEri buruz aritu zen besteak beste. Sailburuak ez daki zer gertatuko den hezkuntza lege horrekin, Madrilen aldaketarik izango duen edo ez.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 02a

LOMCEren errebalidei buruz, Uriartek ez du argitu Madrilek ezarritako hezkuntza legea nola beteko duten aurten. Aurreko urteko errebalidak aldatzea lortu zutela azaldu du, “baina orain zain gaude, ea zer gertatuko den”.

Hain zuzen, EH Bilduk oroitarazi du LOMCEren arabera aurten errebalidak egingo direla Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailetan, DBHko 4. mailan eta batxilergoko 2. mailan. Jaurlaritzari errebalida horiei buruzko informazioa eskatuko dio, besteak beste non eta noiz egingo diren, metodologia, edukiak, eta ez egiteak edukiko lituzkeen ondorioak. Rebeka Ubera legebiltzarkideak 155 galdera erroldatu ditu, Uriarte hilaren 15ean baita joatekoa Legebiltzarrera.

Bestalde, otsailaren 23an LOMCEren aurkako protestara deitu du Ikasle Abertzaleak ikasle sindikatuak, “gure eskubideak borrokatu eta bide horretan inposaketa eta zapalkuntza oro apurtzeko”.