Nafarroako Gobernuak erabakita, LOMCE legeak Lehen Hezkuntzako 3. mailan ezartzen dituen probak egingo dituzte gaurtik Foru Erkidegoko ikastetxeetan. Arratsaldeko 18:00etan elkarretaratze zaratatsua deitu dute Hezkuntza Departamentuaren aurrean.
Gaur hasi eta aste osoan zehar eginen dituzte probak. Hori dela-eta, ikasle, irakasle eta gurasoek ikastetxeen aurrean beltzez jantzita elkarretaratzeak egin dituzte eskolak hasi aurretik.
Azken asteetan, ehunka familiek azterketa hauei eta LOMCEri oro har desadostasuna adierazi diote. Proba ez egiteko eskaera bidali diete, gutun bidez, ikastetxeetako zuzendariei. Horrez gain, hainbat gurasok, Herrikoak eta Sortzen elkarteak azterketaren aurkako mila sinaduratik gora aurkeztu zituzten duela bi aste Hezkuntza Departamentuan.
José Iribas Hezkuntza kontseilariak ikasle, irakasle eta gurasoen eskariaren aurka, zortzi urteko 6.724 neska-mutikori azterketak egiteko agindua eman du. Erantzuna “inposaketa” bidez etorri izana salatu du Sortzen elkarteak: “Ikasle guztiek egin behar dute proba eta desobeditzen duen irakasleari espedientea irekiko diote”.
“Proba bakar batean ateratzen diren emaitzei ematen zaie garrantzia, ikasketa prozesu osoari eta ebaluaketa jarraiari garrantzia kentzen zaion bitartean”, salatu dute gurasoek.
Era berean, Sortzeneko kide Gari Torregrosa, proba hauek haurren ikas prozesuan izan dezaketen eraginaz mintzatu da: “Ebaluazio diagnostikoan, emaitza adierazteko hiru zenbaki erabiltzen zituzten orain arte: 1, 2 eta 3. Hemendik aurrera berriz, ez-gainditua, nahikoa eta halakoak agertuko dira. Horrek ikasleei eragingo die eta lehia izango da. Eragin akademikorik gabeko proba batekin horrelako presioa badago, zer gertatuko da DBHn eta Batxilergoan?”.
EAEn, 30 ikastetxetan egingo dute azterketa
EAEn, 30 ikastetxetan eginen dituzte azterketak, Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez. Hezkuntza Topaguneen Plataformak azterketari planto egiteko deia egin du: “Azterketa egin nahi diguten egun horretan ez ditugu gure ikasleak eskolara eramango, edota bestelako jarrerak hartuko ditugu aipatutako proba ez egiteko”. Azterketa ez egiteak ikasleentzat ez duela inongo ondorio akademikorik ekarriko adierazi du plataformak.
Maiatzaren 9an agerraldia eginen dute Durangon eta han plantoari buruzko xehetasunak emanen dituzte.