argia.eus
INPRIMATU
LOMCEk agindutako proben kontrako planto eta protestek ez dute etenik
  • Jaurlaritzak aurrera jarraitzen du lehen hezkuntzako 3. mailako azterketarekin, planto eta protesta artean. Ordiziako Jakintza ikastolan proba ez egitea lortu dute.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko maiatzaren 26a
Ordiziako Jakintza izan da 3. mailako azterketa bertan behera uztea lortu duen lehen ikastetxea. Irudian, astearte arratsaldean egindako bilkura jendetsua (Argazkia: Xabi Irastorza Twitter bidez).

Hauteskunde osteko ajeak arreta mediatikoa desbideratu duen bitartean, Jaurlaritzak jarraitzen du LOMCEk agindutako LH 3. mailako azterketak egin nahian, Heziberri planaren bidez. Baina Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari kurtso amaiera konplikatu egin zaio.

30 ikastetxetan ezarri nahi du Jaurlaritzak derrigorrezko proba, eta horien inguruan inolako informaziorik eman ez duen arren, askoren berri jadanik jakin da hezkuntza eragileen eta sare sozialen bidez.

Ordiziako Jakintza ikastolan asteartean ziren azterketa egitekoa, baina bertan behera geratu zen ikasleak ez zirelako agertu. Gurasoek astearte eta asteazkenean elkarretaratzeak dituzte arratsaldez LOMCE ez! lelopean.

Hezkuntza Plataformen Topaguneak jakinarazi duenez datorren ostegun eta ostiralean Gasteizko Salburua eta Arantzabela ikastetxeetan probak egitea dago programatuta:

Barakaldoko Arteagabeitian eta Gasteizko Luis Doraon ere probak egin nahi dituzte. EHIGE guraso elkarteak esan duenez azterketa egitea egokitu zaien beste eskola publikoetan ere gurasoen sinadurak biltzen ari dira planto egiteko.

Hezkuntza eragileek eta gurasoek etengabe salatu dute Eusko Jaurlaritzak daraman “sekretismoa” eta azaldu dute zurrumurruen bidez baino ez dutela jakin etsaminen berri: “Non izango dira? Noiz? Zeinek diseinatu eta egingo ditu? Zalantza horien guztien aurrean Hezkuntza Sailak ez du ezer esaten”, azaldu zuten komunikatu bidez larunbatean Barakaldoko Ibaibe ikastetxeko ama eta aitek. Zentro horretako hamarnaka familiak ere planto egingo diote azterketari.

Hezkuntza sailaren arabera 3. mailako probak ebaluazio diagnostiko orientatiboak baino ez dira. Baina hezkuntza komunitatean uste dute Wert ministroaren legea atzeko atetik sartzeko modu bat dela.

 

Mobilizazioak etengabe

Nafarroan LH3ko azterketak egiten hasi zirenetik LOMCEren kontrako mugimendua bizkortu egin da Hego Euskal Herri osoan. Maiatzaren 21ean baieztatu zuen Uriarte sailburuak azterketak antolatzen hasi direla. Geroztik mobilizazioak eta planto egiteko erabakiak etengabeak ari dira izaten.

 

Hemen dituzu egin diren horietako batzuk:

Maiatzak 4: Elkarretaratze zaratatsuak eta protestak Nafarroako ikastetxeetan LOMCEren azterketen kontra.

Maiatzak 5: Iruñeko Txantrea auzoan Etxepare ikastetxean itxialdia hainbat gurasok, LOMCEren azterketaren inposizioa salatzeko.

Maiatzak 6: LH3ko azterketari planto egitea erabaki zuten Santutxuko Briñas eskolako eta Karmelo ikastolako 50tik gora familiak:

Maiatzak 9: Hernanin LOMCEtik “babesteko” Xirimiria iragarria dago jaialdia herriko ikastetxe guztiek eta eragileek batera. Egun berean Hezkuntza Plataformen Topaguneak Durangon azterketari planto egiteko deia luzatu zuen.

Maiatzak 21: 3. mailako probak laster egitear zirela zioten filtrazioen aurrean, Gasteizko Zabalgana ikastetxe aurrean agerraldi masiboa. Bertako guraso gehienek azterketari planto egiteko dokumentua sinatu dute.

Mobilizazioak Bilboko Santutxu auzoan, Atxuri eskolan eta Txurdinagan, Hernanin, Ereñotzun, Derion, Agurainen, Lezon, Santurtzin, Maeztun, Kanpezun eta Muskizen:

Maiatzak 22: Gasteizko hainbat ikastetxek eta hezkuntza plataformak kontzentrazioa Ajuria-Enea parean:

Maiatzak 23: Barakaldoko Ibaibe ikastetxean gurasoen agerraldi jendetsua. Azterketari planto egiteko antolatzen hasi direla jakinarazi zuten.

Maiatzak 26: Ordiziako jakintza ikastolan, LH3-ko azterketa bertan behera ikasleak ez direlako agertu. Bilkurak maiatzaren 26 eta 27an ikastetxe aurrean.

Laudio ikastolako 45 ikasleren gurasoek ere azterketari planto egiteko erabakia hartu duteedozein momentutan edozein ikastetxe pilotu moduan izendatuta ager daitekeela hausnartuta”.

Aurrera begira egingo diren ekintzak:

Maiatzak 28-29: Gasteizko Salburua eta Arantzabela ikastetxeetan LH3-ko azterketa programatuta dagoen egun eta orduetan kontzentrazioak egingo dituzte goizez. Gasteizkoa Ramon Bajo ikastetxeko 3. mailako haurrek "greba" egingo dute elkartasuna adierazteko.

Maiatzak 29: Hernanin, bertako hezkuntza plataformak deituta mani-kazerolada egingo dute.

Lezon Heziberri eta Lomce-ri abordaia jaialdia antolatu dute, “errebalidari planto” esateko.

Ekainak 3: Santurtziko Mamariga auzoko eskolak ere planto egiteko deialdia proba egingo duten egunean.

Ekainak 5: Gasteizko Gure Hezkuntza Plataformak kalejira antolatu du hirian barrena "Denok gara LH 3. maila" mezuarekin.