argia.eus
INPRIMATU
LOMCE indargabetuko duen Hezkuntza Legeari argi berdea eman dio Espainiako Gobernuak
  • Hego Euskal Herriko ikastetxeetan eragingo duen Hezkuntza Legea onartu du Espainiako ministroen kontseiluak. Bertan behera geratuko dira LOMCEk ezarri zituen errebalida polemikoak eta ibilbide espezializatuak, eta Erlijioa ez da notarako izango, besteak beste.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2020ko martxoaren 03a

PPk bultzatu zuen LOMCE legearen aurka agertu ziren hasieratik hezkuntza eragileak eta oposizioko alderdi politikoak, eta mobilizazio jendetsuak eragin zituen gizartean. Orain, beste lege bati argi berdea eman dio Espainiako gobernu berriak, Isabel Celaá Hezkuntza ministroa buru (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu izandakoa), eta Espainiako parlamentuak onartzea izango da hurrengo urratsa.

Hego Euskal Herrian, Espainiako Estatuak %55eko eskumena izango du hezkuntzan (alegia, edukien %55 zehaztuko duela) eta  Madrilgo Gobernuak ezarritako oinarriei lotuta jarraituko du gure ikastetxeetako jardunak.

Datozen aldaketak

Aldaketen artean, aipagarria da errebalidak bertan behera geratuko direla, baina ebaluazio diagnostikoak egingo dituzte Lehen Hezkuntzako 4. mailan eta DBHko 2. mailan. EAEn, kanpo-ebaluazioak egin ditu urteotan Eusko Jaurlaritzak, esanez ez direla errebalidak, ebaluazio diagnostikoak baizik. Ikasgaien arabera aukeratu beharreko ibilbide espezializaturik ere ez da egongo. Erlijio ikasgaia ikastetxeetan ematen jarraituko dute, baina ez du espedienteko notarako eraginik izango eta Erlijioa jasotzen ez duten ikasleek oraindik zehaztu ez den “beste zerbait” egingo dute. Balio zibiko eta etikoei loturiko ikasgaia ikasle guztiek jasoko dute.

Celaák ez ditu nahi hainbeste errepikatzaile

Espainiako Estatuan ikasle errepikatzaile gehiegi dagoela iritzita, kopurua txikitzeko neurriak ezarri nahi ditu lege berriak. Adibidez, irakasle guztiek adostuta hartu beharko da ikasle batek errepikatzeko erabakia eta ikasgai bat gainditu gabe ere lortu ahalko da Batxiler titulua (ikasturtea errepikatzearen inguruan artikulu sakona argitaratu genuen Argian: Icebergaren tontorra).

Indarkeria matxistaren prebentzioan eta konpetentzia digitaletan ere indarra jarri nahi du legeak, Celaáren esanetan.

Humanitateei lekua egiteko eskatu dute

Bestalde, lege berria datorrela aprobetxatuz, arteei, filosofiari eta orokorrean humanitate arloko ikasgaiei presentzia handiagoa emateko (edo gutxienez LOMCEren aurretik zuten lekua berreskuratzeko) eskatu dute arlo horietako irakasleek.