Erkidegoetako gobernu berriekin kontaktuak hasi ditu dagoeneko Irene Rigau Kataluniako Hezkuntza kontseilariak, LOMCEri aurre egiteko orain indar gehiago dutela ikusita.
Hauteskunde aurretik, bost izan dira LOMCEren aurkako jarrera erakutsi duten erkidegoak: EAE, Katalunia, Andaluzia, Kanariak eta Asturias. Panorama berrituan, PPk hainbat erkidego galdu ditu eta Valentzia, Balear Uharteak, Extremadura, Gaztela Mantxa, Aragoi eta Nafarroa ere egongo lirateke LOMCEren kontra. Hamabi erkidego hauek Espainiako Estatuko herritarren %70 ordezkatzen dute.
“LOMCE lege ahula zen dagoeneko”, adierazi du Rigauk, PP ez beste gainerako alderdiak aurka baititu, “baina orain are ahulagoa da, maila autonomikoan”. Hala, indar korrelazio berriari esker legea bertan behera uztea eta datorren ikasturtean ez aplikatzea egingarri ikusten du kontseilariak. Udako oporren aurretik egin nahi du bilera Hezkuntza ordezkariekin.