LOMCEren aurkako eta hezkuntza eredu propioaren aldeko manifestazioak egin zituzten larunbatean Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Antolatzaileen arabera, 19.000 lagun inguru bildu ziren.
Eusko Jaurlaritzatik eta Nafarroako Gobernutik lasaitasun mezuak eman arren, "azken hamarkada luzeetan inposatu nahi den legerik gogor eta atzerakoiena jada abian delarik eta hurrengo urteetan erabat garatzeko arriskua delarik, beraien jarrera guztiz larria eta arduragabea dela salatu nahi dugu. Beraien adierazpenekin, lege honen kontrako aktibazio eta edozein erantzun indargabetzea dute helburu", azaldu dute antolatzaileek.
LOMCE aplikatzeko marko legala egokitzen ari den José Iribas Hezkuntza kontseilari nafarraren dimisioa eskatu zuten Iruñeko manifestazioan. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuari berriz, adierazi nahi izan zioten Espainiako Gobernuarekin lortutako akordioak ez diola benetan aurre egiten LOMCEri: "Jantzi oso bat behar baitugu, eta ez adabakiak". Bertsotan ere helarazi zuten mezua, Bilboko ekitaldian:
"Kanpo ebaluaketek eta
Erlijioak lehentasuna,
hezkuntz komunitatearen kontra
berebiziko jarduna.
Nahiz ta Cristina Uriartek saldu
zeozer lortu dugula,
nahi duguna da gure eskola
propioa ta euskalduna".
LOMCE desobeditzeko gida bideorri
Hezkuntza Plataformen Topagunea, EILAS, LAB, ELA, Ikasle Abertzaleak, Sortzen eta UEUk deituriko eta EHIGE, Ikastolen Elkartea eta EH-Bilduk babesturiko protesta hauetan, Gure Gida defendatu zuten, LOMCEren aurka egiteko tresna nagusi gisa. "LOMCEri gure ezezkoa adierazteaz gain, hau ez aplikatzeko konpromiso zehatza hartuko dugu", jakinarazi zuten.
Antolatzaileen esanetan, "legea ez betetzeak segurtasun gabezia eta ondorio kaltegarriak ekarriko lituzkeela entzuten ari gara maiz arduradun politikoen ahotan. Baina benetako kaltea, bai gure seme-alaba eta ikasleentzat, bai hezkuntzako langileentzat, baita herritar guztiontzat ere LOMCE bera garatzeak ekarriko luke. LOMCEri ezetz esatearekin batera alternatiba eraiki nahi dugu. Horretarako, beharrezkoa da elkarlanean eragitea. Badakigu indarra daukagula, ikasleok, familiek, hezitzaileok, langileok, herritarrok, denok".