argia.eus
INPRIMATU
LOMCE eta Heziberrik “inposatutako” azterketari planto egiten hasi dira Arabako zenbait zentro
  • San Ignacion, Luis Elejalden, Aresketan… planto egin diote LH 6. mailako kanpo ebaluazioari. Hezkuntza Plataformen Topagunetik kalifikazio sistema “inposatu” honi planto egiteko deia luzatu zuten eta elkarlanean ari dira ikasleak, irakasleak eta gurasoak.

Hala Bedi @halabedi 2018ko martxoaren 07a

Martxoaren 5ean hasita eta hilabete bereko 22an amaituta, LOMCE eta Heziberriren araberako azterketak egin nahi dituzte horretarako Eusko Jaurlaritzak aukeratu dituen zentroetan. Egin baino, horretara deituta egongo dira ikasleak; izan ere, ez badira klasera aurkezten, ikasleek ez dute azterketa zertan egin beharrik.

Eta plantoak jada hasi dira. Planto egiten lehena, Aresketa izan zen Aiaraldean. Egunek aurrera egin ahala, Gasteizko hainbat ikastetxetan ere planto egin dute. Horren adibide dira Luis Elejalde eta San Ignacio.

Luis Elejalden, jarraipen handia izan du plantoak: soilik 6 ikasle joan dira deituta zeuden 45etatik. San Ignacion, aldiz, 21 ikasle zeuden deituta azterketa egitera: soilik zortzi ikasle agertu dira, gainontzeko ikasleek plantoaren hautua eginez.

Aiaraldeako beste bi ikastetxetan, aldiz, LH 6. mailako kanpo ebaluazioa egiten ari dira: Latiorro eta Lucas Reyn. Hala ere, Latiorron, oso ikasle gutxi joan ziren klasera azterketa egitera. 

Araban, Hala Bedik jakin duenez, 27 ikastetxetan egin nahi dute azterketa. Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek egin beharko lituzkete hauek. 27 hauetatik, 19 publikoak dira eta haien artean daude aurretik aipatutakoak edo Barandiaran (Amurrion), Langraitz, Luis Dorao (Gasteiz), Umandi (Gasteiz), San Martin (Gasteiz)… 

Kalfikazio sistema “inposatua”

Hezkuntza Plataformen Topagunetik kalifikazio sistema “inposatu” honi planto egiteko deia luzatu dute. “Aipatutako zentroekin harremanetan gaude”, adierazi dute topagunetik. Informazioa elkarbanatu eta erantzun bat emateko klaustro eta familia-bilerak egiten hasi dira jada eta, momentuz, familietatik nahiko inpresio positiboa jaso dute. Hala ere, lau salaketa nagusi eman dituzte jakitera:

“Zailtasun handia” dagoela nabarmendu dute, informazioa jaso eta trukatzeko batez ere.

Ikuskari batzuen aldetik jarraipen estu eta zorrotza egiten ari zaizkie langileei eta zuzendaritzako kideei, “kolaborazio” jarrera eskatzen eta “behartuta” daudela gogoratzen, funtzionarioak baitira.

Familiei informazioa ukatzen edo berandu ematen ari zaiela ohartarazi dute Topaguneko kideek.

“Berriro sekretismoa, partaidetza eza, inposizioa…”, salatu dute.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, apiriletik aurrera

Topaguneko kideek baieztatu dutenez, “inposatutako beste bi azterketa bolada etorriko dira apiriletik aurrera”. Oraingoan, DBHn izango da. ‘Pisa’ izeneko azterketa egitera daude deituta ikasleak apirilaren 16tik maiatzaren 4ra bitartean. Azterketa hau egiten duten zentro beretan, maiatzaren 7tik 18ra DBHko 4. mailako ikasleek errebaliden froga egitera deituko dituzte.

Konfirmatu dutenez, Araban, Samaniego (Gasteiz), Lakua (Gasteiz), Badaia institua (Langraitz) eta Zaraobe (Amurrion), Laudioko institutuan eta Laudioko Ikastolan egin nahi dute.

Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.