Luis Dorao, San Martin, Lukas Rei, Barandiaran, Umandi… Arabako 27 ikastetxe hauetatik 19 publikoetan egin nahi ditu frogak Eusko Jaurlaritzak martxoaren 5etik aurrera Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasgeletan. DBHn ere Pisa azterketa egitera deituko dituzte 4. mailako ikasleak maiatzean.
Martxoaren 5ean hasita eta hilabete bereko 22an amaituta, LOMCE eta Heziberriren araberako azterketak egingo dira horretarako Eusko Jaurlaritzak aukeratu dituen zentroetan. Egin baino, horretara deituko dituzte ikasleak; izan ere, ez badira klasera aurkezten, ikasleek ez dute azterketa zertan egin.
Araban, Hala Bedik jakin duenez, 27 ikastetxetan egin nahi dute azterketa. Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek egin beharko lituzkete. 27 hauetatik 19 publikoak dira eta haien artean daude: Latiorro, Laudion; Lukas Rei, Amurrion; Barandiaran, Langraitzen, Luis Dorao, Luis Elejalde, Umandi, San Ignacio eta San Martin, Gasteizen. Gainontzeko 11 ikastetxe publikoak zeintzuk diren konfirmatu gabe dago oraindik.
Hezkuntza Plataformen Topagunetik kalifikazio sistema “inposatu” honi planto egiteko deia luzatu dute. “Aipatutako zentroekin harremanetan gaude”, adierazi dute topagunetik. Informazioa elkarbanatu eta erantzun bat emateko klaustro eta familia-bilerak egiten hasi dira jada eta, momentuz, familietatik nahiko inpresio positiboa jaso dute.
Hala ere, lau salaketa nagusi eman dituzte jakitera: “Zailtasun handia” dagoela nabarmendu dute, informazioa jaso eta trukatzeko batez ere; ikuskari batzuen aldetik jarraipen estu eta zorrotza egiten ari diete langileei eta zuzendaritzako kideei, “kolaborazio” jarrera eskatzen eta “behartuta” daudela gogoratzen, funtzionarioak baitira. Familiei informazioa ukatzen edo berandu ematen ari zaiela ohartarazi dute Topaguneko kideek. Eta azkenik, “berriro sekretismoa, partaidetza eza, inposizioa…”, salatu dute.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, apiriletik aurrera
Topaguneko kideek baieztatu dutenez, “inposatutako beste bi azterketa bolada etorriko dira apiriletik aurrera”. Oraingoan, DBHn izango da. ‘Pisa’ izeneko azterketa egitera daude deituta ikasleak apirilaren 16tik maiatzaren 4ra bitartean. Azterketa hau egiten duten zentroetan, maiatzaren 7tik 18ra DBHko 4. mailako ikasleek errebaliden froga egitera deituko dituzte.
Konfirmatu dutenez, Araban, Samaniego (Gasteiz), Lakua (Gasteiz), Badaia institua (Langraitz) eta Amurrioko Arezketa ikastola egongo lirateke zerrendan.
Albiste hau Hala Bedik argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.