argia.eus
INPRIMATU
LOMCE = Espainolismoa x (Erlijioa + Sexismoa + Elitismoa)
  • Espainiako Estatuak ezarri duen LOMCE legearen aurka agertu dira Ikasle Abertzaleak eta Eskola Eskola Publikoa Gaur Bihar plataforma. Besteak beste, erlijioak hartuko duen garrantzia, eta lege elitista, espainolista eta sexista dela salatu dute.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko maiatzaren 23a
Wert ministroak bultzatutako erreforma sexista, elitista eta espainolista dela salatu dute (Argazkia: Huffington Post)

EHIGE, BIGE eta SAREAN elkarteek osatzen duten Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar plataformak salatu du inposizioa dela “erlijioa irakasgai curricular moduan sartzea”. Izan ere, ez dute uste gainerako irakasgaien egutegi eta ordutegia baldintzatzea bidezkoa denik.

Ikasle Abertzaleek ere oharra atera dute Espainiako hezkuntza ministro Jose Ignacio Wertek bultzatutako legearen kontra eginez. Hiru esparru azpimarratu dituzte.

Batetik, sexismoa salatu dute, sexuaren arabera bereizten duten ikastetxeak diruz laguntzea bideratuko duelako legeak. Eskola ibilbidea goiz aukeratzeak genero-rol gatazka indartu egiten du, Ikasle Abertzaleen arabera.

Elitista dela adierazi dute, ikasleen beharrei erantzun baino enpresen beharrak asetzen dituelako. “Kalitatezko hezkuntza” gutxi batzuen eskuetan geratuko dela eta “mailaketa soziala ugarituko” dela ohartarazi dute.

Azkenik, lege espainolista dela salatu du IAk, PPren ideologiarekin adoktrinatu nahi baititu haurrak. “Euskara ikasgai espezifiko bezala kokatu eta hautazko huts izatea nahi dute”.

Horren aurrean, desobeditzea eskatu dute.