Eusko Jaurlaritzak, Lehen Hezkuntzako oinarrizko curriculuma arautzen duten LOMCEko hainbat artikuluen indargabetzea eskatuko du.
Horrez gain, auzi errekurtso bat ere jarriko du Lanbide Heziketa eta Unibertsitateko estatu idazkariaren ebazpen baten aurka, ikasleak Erasmus bekak eskaintzeko laguntzetatik kanpo uzteagatik.
Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak adierazi du “Espainiako Gobernuak ez dituela errespetatzen EAEk dituen eskumenak”. Ikasgai guztien edukietan, helburuetan, ebaluazio irizpideetan eta ikaskuntza estandarretan esku hartzen duela salatu du Jaurlaritzako buruak.
Mariano Rajoyren gobernuak muga gainditu duela adierazi du Urkulluk, EAEren “berezko hezkuntza politika garatzea” eragotziz.
Espainiako araudiak xedatzen du berezko hizkuntzak eta literaturak gaztelaniaren eta literaturaren tratamendu bera izango duela. Jaurlaritzak “gehiegikeriatzat” hartu du eta “Euskara ikasgaia arautzea EAEren eskumen esklusiboa dela” adierazi du.
Hilabeteko epean Jaurlaritzak jarritako eskakizunak erantzunik jasotzen ez badu, otsailaren 28ko 126/2014 Errege Dekretuaren aurkako errekurtsoa jarriko du Auzitegi Konstituzionalean.