argia.eus
INPRIMATU
Lokutorio greba Zaballan
Hainbat sinatzaile* 2024ko irailaren 12a

Espainiako Estatuko espetxeetatik Euskal Herriratu gintuztenetik Zaballako espetxean komunikazioaren alorrean gabezia ugari topatu ditugu. Aurrez aurreko gutxiago eta laburragoak dauzkagu, lokutorioko bisitak baldintza tekniko kaxkarretan gauzatu behar izan ditugu eta telefono deiei dagokienean ere, garestiegiak izateaz gain, gaizki kokatutako gailu zaharkitu eta matxuratuak erabili behar ditugu. Hainbat bider eskatu diogu espetxeari egoera molda dezan eta eroarena egin du aldiro.

Azken hilabetean jada erdipurdi zebiltzan lokutoriotan beste matxura orokor bat suertatu da. 28tik lau lokutorio bakarrik egon dira nolabait erabilgarri. Asteotan behin eta berriz eskatu diogu espetxeari matxura konpondu dezan. Alferrik. Aitzakia merkeak soilik eskaini dizkigu. Konponbiderik ez, ezta alternatibarik ere.

Irailaren 13tik aurrera lokutorio grebari ekinen diogu Zaballako espetxeari matxuratutako lokutorio guztiak behingoz konpondu ditzala eskatzeko, bisitak baldintza duinetan egin ahal ditzagun

Pasa den asteburuan lokutorioetara joan eta laugarrenez egoera berberean aurkitu garelarik, bertan egin diogu uko bisitari hainbat euskal preso politikok. Gure senide eta lagun batzuek kanpora bidean kartzelaren arduradun batekin elkartzea exijitu zuten eta horrekin hitz egin ostean, egoeraz kexatu ziren idatzi bidez.

Preso orok oinarrizko eskubidea dugu gure hurkoekin harremana izatea, eta euskal preso politikoak gainera herritarrekin lotura estua dugunez, funtsezkoa dugu. Harreman hori baldintza duinetan egin behar dugu eta ezin dugu onartu bisitak gauzatzea Zaballan dauzkagun baldintzetan.

Nazkatu gara espetxearen utzikeria eta lainezarekin, horregatik idatzi hau sinatzen dugun euskal preso politikook jakinarazi nahi dugu datorren irailaren 13tik aurrera lokutorio grebari ekinen diogula Zaballako espetxeari matxuratutako lokutorio guztiak behingoz konpondu ditzala eskatzeko, bisitak baldintza duinetan egin ahal ditzagun.

Hainbat sinatzaile*:

Garikoitz Etxeberria Goikoetxea

Orkatz Gallastegi Sodupe

Jexus Mari Etxeberria Garaikoetxea “Goierri”

Fernando Garcia Jodrá

Xabier Garcia Gaztelu

Aitor Cotano Sinde

Jon Kepa Preciado Izarra

Mikel San Sebastian Gaztelumendi

Dani Pastor Alonso

Andoni Goikoetxea Gabirondo

Lexuri Gallastegi Sodupe

Irantzu Gallastegi Sodupe

Julen Atxurra Egurrola