Bilboko Metroaren linea berriaren irekieraren ondorioz Atxuriko tren geltokira ez da trenik helduko laster, beronen itxiera 2019 hasieran aurreikusten baita. Geltoki historikoaren itxiera auzoak izango duen aldaketaren adierazle bezala ulertuta, Lokomotorak dinamikak geltokia aldarrikatzen du.
Atxuriko geltokia auzoak dituen beharrizanak asetzeko espazio modura ulertuta, berau aprobetxatzeko aukerari heldu beharra ikusi dute. Hala bada, prozesu parte-hartzaile bat abiatu dute Atxuri, Alde Zaharra, Solokoetxe, Bilbo Zaharra, San Frantzisko, Abusu eta Santutxuko bizilagunekin batera, “auzoa eraberritu eta hobetzeko baliagarritzat” jo dutena. Geltokia itxiz gero arriskuan egotera pasako liratekeen auzoaren "motore eta identitate zeinuak" defendatzetik ere badauka dinamikak.
Prozesuaren helburu “xume bezain asmo handikoa” tren geltokiak bete beharko lituzkeen funtzio sozialen inguruan eztabaidatu eta etorkizun hurbilera begirako proposamen desberdinak plazaratzea da. Prozesuan zehar jasotzen diren proposamen eta ideiekin tren geltokiaren jabetza eta ardura duten erakundeetara jotzeko asmoa daukate, bertan bizi direnen ahotsak kontutan hartu ditzaten.