argia.eus
INPRIMATU
Lokizko akuiferoaren ustiapena Ega ibaia arriskuan jartzen ari dela salatu dute
  • Jurramendiko Mankomunitateak hamarkadak daramatza ura ateratzen Lokizeko (Nafarroa) akuiferotik, horretarako kontzesiorik izan ez arren. Ebroko Ur Konfederazioa egoera hori legeztatzeko urratsak ematen hasia da, baina horren aurka daude inguruko herritar, elkarte eta erakunde publiko ugari. Izan ere, orain arte egindako ustiakuntzak kalte handia egin dio Ega ibaiari, eta eman nahi duten kontzesioaren arabera bikoiztu egingo da ateratako ur bolumena.

Unai Brea @unaibrea2 2016ko apirilaren 05
Ebroko Ur Konferderazioaren asmoari alegazioak aurkeztu dizkiote hainbat udal eta taldek, hala nola 840 herritarrek (Arg.: Ega Bizirik).

Hori dela eta, Ebroko Ur Konfederazioaren asmoari alegazioak aurkeztu dizkiote Ega Bizirik eta Sustrai Erakuntza elkarteek, Antzin eta Murietako udalek, eskualdeko 36 taldek eta 840 banakok, Lizarran emandako prentsaurrekoan azaldu dutenez. Zehazki, 840 herritar horiek aurkeztutako alegazio laburtua erabili dute hedabideei banatutako agiriaren oinarritzat. Alegazioaren bertsio osoa Sustrai Erakuntzaren webgunean dago ikusgai.

Adierazi dutenez, Jurramendiko Mankomunitateak zazpi hektometro kubo ur ateratzen ditu urtero Lokizko sistemako putzuetatik, eta behin kontzesioa emanda, bi halako ateratzeko asmoa dute, nahiz eta gaur egungo ustiapenak Ega ibaiari eta eskualdeko sistema hidrologiko osoari kalte nabarmena egiten dion.

Kalte horren frogatzat aipatu dute Ane Zabaleta eta Iñaki Antiguedad  EHUko hidrogeologoek 2015ean argitaratutako ikerlana. Haien esanetan, 1991 eta 1992 urteetan Ega ibaiak urteko egunen %45ean zuen segundoko 500 litrotik beherako emaria; 2011 eta 2012n berriz, portzentaje hori %80koa izan zen. Ikerlariek antzeko bilakabidea neurtu zuten akuiferoan bertan. “Azken urteetan Ega ibaiak emaria nabarmen galdu du Antzin eta Murieta artean, batez ere Jurramendiko Mankomunitateak egindako gehiegizko ur ustiaketagatik”, izan zen ikerlanaren ondorioa.

Emaria gutxitzeak eragina du Ega ibaiaren inguruko herritarren ohiko bizimoduan, azpimarratu dutenez, batez ere udan. Ureztatzeko arazoak nabarmendu behar dira, hain zuzen. Halaber, alegazio aurkezleek adierazi dute akuiferoaren gehiegizko ustiapenak eragotzi egiten duela bai Ega ibaiaren bai hari lotutako ekosistemen –euretako batzuk Natura 2000 Sarearen barrukoak– baldintza ekologikoak egokiak izatea.