argia.eus
INPRIMATU
Lokarrik “bake prozesua errotzeko” proposamena aurkeztuko du bere agurrean
  • Lokarri akordioaren aldeko herritar sarea larunbatean desegingo da ofizialki, bederatzi urteko ibilbidea egin ostean, Bilboko Campos Eliseos Antzokian egingo duen agur ekitaldian.

ARGIA @argia 2015eko martxoaren 05a
Paul Rios, iragan urrian emandako prentsaurrekoan. Argazkia: EITB.

Maddalen Iriarte kazetariak eta Kike Amonarriz soziolinguistak aurkeztuko dute ekitaldia. Besteren artean, taldeko idazkari nagusi Paul Riosek eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide Brian Currinek hitz egingo dute; eta bederatzi urteotako irudiak proiektatuko dituzte. Halaber, Lokarrik iragarri du "bake prozesua errotzeko" azken proposamenaren berri emango duela.

Iazko urrian iragarri zuen Lokarrik bere ibilbidea amaitutzat emango zuela, hainbat arrazoik bultzatuta. Besteak beste, bere zikloa bete duela eta bake prozesua "atzeraezina" dela ikusita hartu zuen erabakia.

"Lasai eta pozik gaude prozesua atzeraezina delako eta euskal gizartea errespetuan eta elkar-ulertzean oinarritutako bizikidetza bat errotzeko gai izango delako", zioen orduan Paul Riosek. Gaineratu zuen "aro baten amaiera" besterik ez dela, eta bakearen eta bizikidetzaren aldeko "konpromiso bizia" mantenduko dutela martxotik aurrera ere, "baina beste gune batzuetatik" arituko direla lanean. 

"Bake prozesua errotzeko baldintzak gure azken urteetako historian izan diren hoberenak direnean erabaki hau hartzeak itxaropenez betetzen gaitu", adierazi zuen Lokarriko ordezkariak.

Paul Rios ARGIAn:

Konponbiderako elkarrizketarako baldintzak (2011-03-27)

"Poliki, baina ate bat irekitzen ari da ezker abertzalean" (2010-04-04)