Garai batzuetan lokarri gisa erabiltzen zen landare asko zen. Nire lagun Markel poztuko da haritzaren (Quercus robur) sustraiak garai batean soka gisa baliatzen zirela jakitean... Izan ere, haritzak garrantzi handia duen paisaia batekoa da, aramaioarra, eta basogintzara emana dago, bai hanka eta bai buru. Bada, Rodolfo Bozas-Urrutiak Aranon jasoa du nola haritzaren sustraiak kakolatuta edo bihurrituta sokak egiten ziren, eta sendoak eta iraunekoak zirela eransten du. “Bihurria” esaten zaio.
Haritza ez, baina artearen (Quercus ilex) lurraldean den Ameskoako Artatzan “bidurri” esaten zaio aihenzuriari (Clematis vitalba). Landare hori igokari indartsua da, eta liana handiak sortzeko gai da. Zuhaitz handien gainera igotzen da, eta besoaren lodierako aihenak aipatzen dira berari buruzko bibliografian; Pio Font i Quer ezagunak, adibidez. Malgua da, eta fina eta zaila. Bihurritu, kiribildu eta ez da hausten erraza; korapiloa aise egingo duzu berarekin, baita txibista ere. Haurrek pipatzen hasteko erabiltzen dute aihen zuria, gehiagotan ere entzun izan dut hori; korapilo eta adabegi arteko adarrak barrua porotsua du, haizezuloz betea, eta, behin lehortuta, erraz tiratzen zaio garrari eta keari. Sokasaltoan aritzeko soka ere egin izan da, nonbait, bere aihenarekin. Baita saskiak ere. Uztarria eta kama edo burkama edo pertika edo timoia lotzen dituen gurtedea ere bai.
Aihenzuriak badu izen gehiago ere, Aezkoan “aiarte” esaten diote, Lizarrerriko Abartzuzan “ligartza” eta izen hori bera esaten diote Erronkariko Uztarrozen azaoak edo sortak lotzeko erabiltzen den lokailuari. “Ezkabia-belar” ere esaten zaio; tiñari, sarnari eta lepra edo legenarrari esaten zaie “ezkabia” eta, agi danean, horien erasoa arintzeko eta eramangarriagoa egiteko sendabelarra izan da; izan ere, bakterioak atzeratzeko gai da. “Burukagai” ere esaten zaio; Telesforo Aranzadik argitaraturiko eta Bernardo Estornes Lasak Izabatik bidalitako landare izenen zerrendan agertzen da, eta haurrek landare horrekin koroak egiteko zuten ohiturarekin lotzen du izena. Pirinioen beste muturrean ere, Montsenyn, aingeruz mozorrotu nahi zutenean berarekin egiten zituzten koroak, eta ilarrondoko edo suge-belar loreekin (Arum spp.) apaindu. Zenbaitek “metu” eta “hautin” izenak ere jasoak dituzte, baina aihen soilari, alegia, edozein landareren aihenari esateko zuzenagoak ikusten ditut. Dakienak azal beza. “Ezkeraihen”, “aihenezker” eta abar ere jasoak daude, igokari askoren izen ere badirenak: lupulua (Humulus lupulus), ezkerte beltza (Convulvulus arvensis), ezkerte zuria (Calystegia sepium) eta abar.
Aihenzuriaren generoa, Clematis, greko zaharreko klématis hitzetik dator eta landare igokaria esan nahi du; espeziearen izena, vitalba latinetik dator, eta “ardo zuriaren kolorekoa” esan nahi du; aihenzuri basaren loreak badu, bai, zuri-laru-lasto kolore hori.
Clematis generoa oso ezaguna da lorezaintzan. Kolore askotako loraldi ikusgarriak ematen dituzten igokari galantak sortu dira. Zinez ederrak. Oraintxe daude lore betean. Hauxe amaitu eta ziztuan noa atarian dudanari bisita egitera.